Euskaltzaleen Topaguneak batzar orokorra egin du gaur Ermuan. Bertan, azken lau urteetan elkarteko lehendakari izan den Kike Amonarrizek Irati Iciarri pasatu dio lekukoa.
Horretaz gain, euskara "bidegurutzean" dagoela iritzita, Topaguneak iragarri du euskararen erabilpenean "jauzi bat" ematea helburu duen "aro berri" bati ekingo diola. Azaldu dute horretarako Euskal Herri osorako baliagarria izango den proposamen integral bat garatzen ari direla.
"Bultzada berri bat behar du hizkuntzaren biziberritze prozesuak, eta bultzada horren emaitzak izan behar du erabileran jauzi bat egitea", adierazi du Kike Amonarrizek, eta zentzu berean hitz egin du lehendakari berri den Irati Iciarrek: "Gizartean erabileraren aldeko eraldaketa eman dadin, euskalgintzaren barruan zein kanpoan dauden eragile eta sektore guztiei zabaldu nahi diegu proposamen hau".
Aurkezpena, Arrasaten
Proposamenak hamalau kidez osatutako talde batek abiatu duen Batera jauzi izeneko dinamika izango du oinarri eta Topaguneak azaroaren 18an Arrasaten egingo duen hirugarren Kongresuan aurkeztuko dute.