Izen berrituaz baina izanari eutsita datoz

Xabier Urtzelai 2023ko ira. 22a, 15:20

Bergarak maila galdu eta gero emakumezkoetan ohorezko erregional mailan Debagoiena Bailara da ibarreko ordezkari bakarra. Orain arteko Leintz Arizmendikoak dira, izena berrituta. Domekan Antiguoren kontra hasiko dute liga, Ibarran (17:30).

Emakumezkoen ohorezko erregional mailan asteburuan hasiko dute liga, eta Debagoiena Bailara da senior mailako kategoria horretan egongo den taldea. Proiektu horren barruan egoten jarraitzen dute Aloña Mendik, UDAk eta Arizmendik, eta Aitor Guridi izango da entrenatzailea. "Harrobian aldaketak egin ditugu, alegia, kategoria txikietan Aloña Mendik bere talde propioak izango ditu, eta UDAk eta Arizmendik elkarlanean jardungo dugu. Eta, senior mailako talde nagusirako denok indarrak batuko ditugu, ezinbestekoa delako", adierazi du Gorka Gabilondok. "Elkarte eta kirol talde guztiei zabaldutako proiektua da hau, zabalik daude ateak, eta orain momentuan Debagoiena Bailaran jokalari eskoriatzarrak, aretxabaletarrak, arrasatearrak eta oñatiarrak ditugu". Hala, talde nagusiaren izena egoera berrira egokitu dute, eta partiduak Ibarran eta Azkoagainen jokatuko dituzte, tartekatuta. "Denok eroso eta gustura egoteko formulak bilatu ditugu, eta ekipaia berria estreinatuko dugu, orlegi kolorekoa".

Emakumezkoen futbolari dagokionean Bergarak senior mailako gorengo mailan jokatuko du, eta horiek ere asteburuan hasiko dute liga. Zapatuan 16:30ean jokatuko dute Agorrosinen, Orioren kontra. Eta Mondrak, berriz, harrobiarekin egingo du lan, kadete mailara arteko taldeak izango dituzte-eta.

Gizonezkoen kategorian

Ohorezko erregional mailan bi jardunaldi jokatuta Bergarak eta Aretxabaletak launa puntu dituzte. Asteburuan kanpoan jokatuko dute biek. Aretxabaletakoek Lesakan (domeka, 17:00) eta Bergarakoek Azpeitian (zapatua 17:00). Erregional preferentean, berriz, Mondrak Soraluze hartuko du Mojategin (domeka, 16:30), Aloña Mendik Azkoitian jokatuko du domekan Anaitasunaren kontra (16:30), eta Antzuolak Danena taldea hartuko du domekan Eztalan (16:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak