Derbi goiztiarra, ligan lehen pausoa emateko

Xabier Urtzelai 2023ko ira. 22a, 19:00

Mondratek eta Eskoriatzak maila nazionaleko lehenengo jardunaldian jokatuko dute elkarren kontra. Bi taldeetako kapitainendako goizegi dator partidua, zapatukoak (17:30, Musakola) ez duelako erakutsiko talde bakoitzaren potentziala.

Iaz Mondraterendako izan zen Musakolan jokatu zuten derbia, eta Manuel Muñoz kiroldegian, berriz, eskoriatzarrak nabarmendu ziren. Derbiei dagokienez, parra geratu ziren horrenbestez. Eta ikusteko dago bihar hasiko duten ligako lehen jardunaldiak zer erakutsiko duen. Eskoriatzako kapitain Aratz Kortazarrek uste du taldeak aurrerago erakutsiko duela benetako maila. "Ez da aitzakia, baina fitxaketa ilusionagarriak genituen, UDAko jokalari ohi Txino-rena, esaterako, eta min hartu berri du belaunean. Hala ere, taldea motibatuta ikusten dut derbirako, eta horrekin batera, ilusionatuta gaude ligara begira. Aurrean egon gura dugu aurten, gero denboraldian zehar ikusiko dugu non egon gaitezkeen, baina helburua izan behar da igoera fasera sailkatzeko borrokan ibiltzea", dio beste urtebetez partiduak kantxan jarraitzeko erabakia hartu zuen Aratz Kortazar kapitain eskoriatzarrak.

Lehenengoa etxean

Xabi Gorroñogoitia ere Mondrateko beteranoetako bat da, baina ilusioz dago bihar hasiko duten ligara begira, eta baita derbirako ere, noski. "Gure proiektu honetan sinisten dugu eta jokalari gazteak igo dira taldera. Horrek eskatzen du apur bat egokitzea, baina talde polita daukagula esango nuke. Egia da, baita ere, denboraldira begira ez garela helburuak orain jartzearen aldekoak. Kategoria honetan urtetik urtera asko aldatzen da taldeen joko-maila eta orain ezer aurreratzeak ez luke zentzu handirik izango. Nahiago dugu liga erdia jokatu, lehenengo itzulian non gauden ikusi, eta orduan erabaki taldearen helburua".

Abuztutik lanean

Areto futboleko bi taldeak abuztuko azken astean hasi ziren denboraldi-aurrea prestatzen. "Normaltasun osoz ibili gara aste hauetan lanean, eta ez dut uste ligako lehenengo partidua derbia izanagatik beste modu batean entrenatu garenik, edo goizago hasi garenik. Derbiak urteko partidu berezi horietakoak dira, baina ez dugu apartekorik egin. Ea zapatuan jendea batzen den harmailetan, eta liga behar den moduan hasten dugun", dio Gorroñogoitiak.

Xabi Gorroñogoitia: "Lehenengo jardunaldian Eskoriatzaren kontra jokatzea erronka da, eta polita izan daiteke ikusteko gutako bakoitza non dagoen. Baina aukeran, egia da goizegi dela halako partidu baterako.

 

 

 

 

 

Aratz Kortazar: "Ez dut uste lehenengo jardunaldian derbi bat jokatzea egokiena denik, denboraldi-aurretik gatoz eta oraindik erritmoa falta zaigu denoi. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak