Abian da Primeran, Goienaren eduki eta guzti

Mirari Altube Arrese 2023ko ira. 22a, 07:54

Euskarazko eta euskal edukien streaming plataforma berria atzo iluntzean aurkeztu zuten Donostiako Tabakaleran. 270 gonbidatu baino gehiago batu ziren ekitaldian: ikus-entzunezko sektoreko eta komunikabideetako profesional asko eta horiekin batera aktoreak eta aurkezleak, kirol, kultura, ekonomia eta hezkuntza esparruko kideak, politikariak eta erakundeetako ordezkariak. Tokikomeko ordezkariak ere han izan ziren, baita Goienako kideak ere.

"Mundu zabalean euskara eta euskal edukiak lau haizetara zabaldu" gura dituen Primeran doako plataforma irailaren 15etik ikusgai dago. Ia eduki guztiak euskaraz edo euskal azpidatziekin daude, eta 3.000 atal baino gehiago izango dira han. Besteak beste, euskal produkzioko eta nazioarteko telesailak, zinea, dokumentalak, sukaldaritza, musika eta haurrentzako edukiak eskaintzen dira, baita plataformarako sortutako eduki esklusiboak ere.

Irailaren 28an, esaterako, Itxaso euskal thriller telesaila estreinatuko du Primeranek, Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza protagonista dituen euskarazko fikzio berria. Porno Belaunaldia dokumental saila ere dagoeneko ikusgai dago euskaraz.

Film luzeei dagokienez eskaintza zabala izango da: El vasco, Errementari, Nora eta Ba zen behin Euskadin, besteak beste. Nazioarteko telesailak ere ez dira faltako, euskarazko azpidatziekin: Crazy fun park, Non zinen?, Derby girl, Bila nazazu Paris… Eta dokumentalak ere badaude: Izaro: Limoiari Eztia izeneko lana eta Iribar, atezaina, esaterako, eta Ura Bere Bidean musika ikuskizuna ere bai.

Euskal eduki, kultura eta ekoizleei irekitako proiektua da eta, beraz, datozen hilabeteetan musika, antzerki edota beste kultur adierazpen eta jaialdi askotako edukiak izango direla katalogoan iragarri dute. Etorkizunean zuzenekoak ere aurreikusten dituzte.

Goienaren edukia ere bai

Tokikomen baitan elkartutako tokiko komunikabideek sortutako edukia ere jasoko dute plataforman, Goienaren edukia, esaterako. Hala, V. Danbaka musika lehiaketako kontzertuak dagoeneko ikusgai daude bertan, baita dokumental batzuk ere Gerra etxe atarian eta Vasco-Navarro trena Arrasaten, esaterako. Gainera, osatzen joango da eskaintza eta gero eta eduki gehiago izango da.

Non ikusi edukia

Esandako hori eduki guztia plataformaren webgunean ikus daiteke: primeran.eus. Baita SmartTV ezagunenetan, eta Google Play-n eta Apple App store-etan aplikazioa jaitsita, Chromecast bitartez eta Hbbtv-etan ere. Azken kasu horretan, botoi berdean. Laster gehituko zaio zerrendari Android TV.

Doako plataforma da eta erregistratzea nahikoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak