Oilarren arteko lehia kategoria estreinatzeko

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko ira. 15a, 11:00

Auritz Larrea eta Andoni Etxeberria baloiaren inguruan, lehian. Argazkia: Larraitz Zeberio

Aloña Mendi eta Mondra jaitsi berriak dira gorengoen mailara eta derbi batekin ekingo diote ikasturte berriari, domekan (16:30) Azkoagainen. Hauez gain, beste hiru talde izango dira kategoria berean, Antzuola, UDA B eta Bergara B.

Denboraldi amaiera triste baten ostean, Aloña Mendik eta Mondrak indarberrituta ekingo diote ikasturte berriari, eta, era berean, lehen hiru puntuak lortzeko gosez zelairatuko dira domekan (16:30) Azkoagainen jokatuko duten derbian. Lehen jardunaldian hiru puntu baino gehiago egongo dira jokoan, aski ezagunak diren bi taldeen artean.

Biek ala biek aldaketak egin dituzte udan zehar, baina esanguratsuenak zalantzarik gabe aulkietan egon dira. Iaz txantxikuarren entrenatzaile izan zen Gari Nuñezek zuzenduko du aurrerantzean Mondra, eta, Aloña Mendiren kasuan, Gotzon Urzelaik bigarren aroa izango du lehen taldeko entrenatzaile bezala. Jokalariei dagokienez, Aloña Mendik baja garrantzitsu ugari izan ditu, baina horri aurre egiteko gazteengan jarri dute konfiantza oñatiarrek. Zuri-moreen kasuan, iazko bloke berdinarekin lan egiteko aukera izango du Nuñezek, jokalari berri bat edo beste sartuz.

Ondo hastea, ezinbestekoa

Entrenatzaileek zein jokalariek ondo ezagutzen dute kategoria eta jakitun dira zailtasun asko izango dituztela bidean. Hori dela-eta, derbia irabazten hastea oso garrantzitsua izango dela ere badakite. "Liga hasteko modu ezin hobea da. Amaierako sailkapenari begira ez digu eragingo, baina mentalki bultzada handia izango litzateke irabaztea" dio Urzelaik. Nuñez ere "gogotsu" da bere talde ohiaren aurka lehiatzeko eta badaki zaila izango dela: "Azkoagainen partiduak beti zailak izaten dira eta ondo ezagutzen dugu elkar bi taldeok. Ea orain arte egindako lana erakusterik dugun".

Helburu berdintsuak

Jaitsi ondoren berriz lehenbailehen igotzea izaten da talde gehienen helburua, baita Mondrarena eta Aloña Mendirena ere, euren entrenatzaileen esanetan. "Iaz maila galduta, helburu bakarra dugu, lehenbailehen merezi dugun tokira itzultzea" dio Gari Nuñezek. Gotzon Urzelaik ere asmo berdinak ditu baina bide jakin bat finkatu nahi du: "Jaitsitakoan buruan izaten dugu ahalik eta azkarren itzultzea, baina uste dut epe luzerako helburuak baino, epe motzerako helburuak finkatu behar ditugula, eguneroko lanean zentratuz eta partiduak irabaziz, horrek emango baitigu lasaitasuna".

Antzuola, UDA eta Bergara

Aloña Mendirekin eta Mondrarekin batera, beste hiru taldek ekingo diote ligari asteburu honetan eta hirurek etxetik kanpo jokatuko dute lehen jardunaldian. Antzuolak Ilintxari egingo dio bisita zapatuan (16:30); UDA, berriz, Danena taldearen zelaian arituko da, bihar baita ere (16:00); Bergararen kasuan, Andoainera joan beharko da, Euskaldunaren aurka jokatzeko, eta, neurketa hau ere, bihar arratsaldean izango da (18:30).

Ohorezko erregional maila

Kategoria bat gorago dauden Bergarak eta UDAk bigarren jardunaldiari dagokion neurketak jokatuko dituzte. Mahoneroek puntu bat eskuratu zuten Elgoibarri egindako bisitan (0-0); oraingoan, berriz, etxean jokatuko duten lehen neurketan, hiru puntuak poltsikoratzen saiatuko dira Amaikak Bat taldearen aurka zapatu arratsaldean (16:30). Hain zuzen, Debako taldearen borrero izan zen UDA ligako estreinaldian, 2 eta 5 irabazita. Aretxabaletarrek ere lehen neurketa izango dute etxean, domekan (16:30) jokatu- ko dena, eta, bigarrenez, jarraian, garaipena lortzera zelairatuko dira Lagun Onak B taldearen aurka.

Emakumeak, hurrengo astean

Emakumezkoen taldeen kasuan, beste astebete itxaron beharko dute. Aurten talde bakarra egongo da Ohorezko Erregional Mailan: orain arte Leintz Arizmendi moduan ezagutzen zena, aurrerantzean Debagoiena Bailara moduan lehiatuko da; lehen neurketa Antiguokoren aurka izango da. Bergarak, berriz, gorengoen mailan jardungo du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak