Besaide eremuan, 1955ean eraiki zuten lehen monumentua. "Garai horretan, Federacion Vasco Navarra delakoak, Luis Pueyo arkitektoari desagertutako mendizaleari omenaldi gisa, monumentu bat eskatu zuen egitea", adierazi dute Besaide Mendizale Elkarteko kideek. Ondoren, 1990ean, Yoshin Ogata eskultore japoniarrak, Euskal Mendizale Federazioak eskatuta, Calatoraoko harrobietatik ekarritako marmol beltzean zizelkatutako eskultura berri bat sortu zuen.
Azken hori, urteen poderioz, gehien sufritu duen monumentua da. Izan ere, eskultura inguratzen duten harri xafla asko, apurka-apurka, hondatzen eta desagertzen joan dira.
Hori ikusirik, 2023an, hondatutako monumentua zaharberritzeko lan baliotsuari ekin zieten. Hala, Pedro Hernandez zaharberritzailearen esku utzi zuten enkargua, Euskal Mendizale Federazioaren eta Besaide Mendizale Elkartearen koordinazioarekin. "Lan hau burutzeko, Yoshin Ogatak bere aurreko lanean erabili zuen Zaragozako marmol beltz bera erabili zen".