Primeran euskarazko edukien streaming plataforma berria heldu da

Itziar Larrañaga Sarasola 2023ko ira. 14a, 11:06

Primeran aplikazioa erabiltzen.

Mundura zabalik dagoen euskal leiho digital berria izateko helburuarekin jaio da Primeran doako plataforma eta irailaren 15etik aurrera egongo eskuragarri. Askotariko euskarazko edukiak jasoko ditu: pelikulak, serieak, kontzertuak, haurrentzako edukia... Horien artean Goienako eta tokiko komunikabideen zenbait ikus-entzunezkok ere izango dute tokia.

Ostiraletik aurrera martxan izango da plataforma eta gailu ezberdinen bidez ikusi ahalko da. Telebistan, Smart TV ezagunenetan; eskuko telefonoan eta tabletan, Google Play eta iOS gailuetako aplikazioen atalean primeran hitza bilatuta; eta primeran.eus webgunean.

Doako zerbitzu berria nonahi eta noiznahi ikusteko prestatu da eta 3.000 atal baino gehiago eskainiko dira bertan. Ia guztiak euskaraz eta gutxi batzuk euskarazko azpidatziekin.

Askotariko edukiak

Euskal produkzioko eta nazioarteko telesailak, zinea, dokumentalak, kirolak, sukaldaritza, musika eta haurrentzako edukiak eskainiko dira, baita Primeran plataformarako sortutako eduki esklusiboak ere.

Hala, irailaren 28an Itxaso euskal thriller telesaila estreinatuko du Primeranek, Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza protagonista dituen euskarazko fikzio berria. Porno Belaunaldia dokumental saila ere euskaraz izango da ikusgai aste honetan bertan, ETB 2 katean gazteleraz estreinatu baino astebete lehenago.

Halaber, Tokikom tokiko komunikabideen elkartearen edukiekin ere abiatuko du ibilbidea plataformak; eta beraz, Goienako eduki batzuk ere Primeranen egongo dira. Euskal Filmategia ere lankide nagusienen artean dute eta Donostia Zinemaldian azken urteetan saritutako hainbat pelikula ere ikusi ahalko dira.

Film luzeen eskaintzan izango ditugu El vasco, Errementari, Nora eta Ba zen behin Euskadin, besteak beste; eta nazioarteko telesailak ere ez dira faltako, euskarazko azpidatziekin: Crazy fun park, Non zinen?, Derby girl, Bila nazazu Paris…

Izaro: Limoiari Eztia izeneko lana, Iribar, atezaina dokumentala eta Ura Bere Bidean musika ikuskizun handia daude dokumental eta entretenimendu proposamenen artean, baita Primeran plataformarako sortutako eduki esklusiboak ere: Itsatsita euskal musikala; euskal ikasleek munduko toki ezberdinetan bizi dituzten esperientzien inguruko EH!rasmus saioa; Baserritik Basamortura dokumentala; Euskal Sukaldaritzaren Ezinbestekoak lana eta Vaya Semanita: 20 urte, besteak beste.

Euskal eduki, kultura eta ekoizleei irekitako proiektua da eta, beraz, datozen hilabeteetan musika, antzerki edota beste kultur adierazpen eta jaialdi askotako edukiak izango dira katalogoan. Etorkizunean zuzenekoak ere aurreikusten dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak