Landa eremuan ekintzailetasuna eta elkarlana sustatzeko ekimena, abian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko ira. 13a, 18:38

Landaolak, Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak, hainbat erakunde eta eragileren laguntzarekin, Landan Ekin izeneko egitasmo berria sortu du "landa ingurunearen dibertsifikazioan eta enplegu sorreran sakontzeko zein lehen sektorea indartzeko helburuarekin".

Bi atal nagusitan banatzen da astelehenean Donostian aurkeztu zuten egitasmoa: batetik, urtero errepikatzeko nahiarekin sortu duten Gipuzkoako I. Landa-Ekintzaile Sariak eta, bestetik, Goizane izena duen ekintzailetza eta ko-sorkuntza gunea.

"Sari lehiaketa bat baino harago doan egitasmoa da Landan Ekin egitasmoa". Hala azaldu du Landaolako lehendakari Ana Mari Eizagirrek: "Landa eremuan ekintzailetza, sorkuntza eta elkarlana bultzatzeko dinamikak sortu nahi dira ekimenarekin". Eta zera gaineratu du Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutik: "Lehen sektorean ere, profesional kualifikatuak, talentudunak eta prestatuak" behar ditugu sektoreak dituen erronka estrukturalei aurre egiteko. Haize berria eta begirada berri bat ekartzeko, aukera berriak sortzeko.

Landa-Ekintzaile sariak

Gipuzkoako lurralde historikoan garatzen diren edo garatuko diren proiektuei zuzendutako sariketa da, –2023-2024 urteetan garatu edo amaituko direnak–; eta  Lehen sektoreko eta elikadura balio kateko pertsona fisiko eta juridikoek, elkarteek edo eragileek hartu ahal izango dute parte.

Sei atal nagusitan emango dira sariak –nekazaritza jardueraren garapena, lehen sektorearen dibertsifikazioa, emakume ekintzaileari saria, gazte ekintzaileari saria, belaunaldi aldaketa saria eta berrikuntza saria– eta bakoitzean 2.500 euro jasoko ditu irabazleak. Aurkezten diren proiektuen artean lau proiektu aukeratuko dira eta La Caixa Rural Talent izeneko 1.000 euroko saria eta 35 orduko formakuntza jasoko dute aukeratutako horiek.

Landa-Ekintzaile sariketan parte hartzeko epea zabalik dago urriaren 11 bitartean.  Landaola@landaola.eus helbidera bidali behar dira lehiaketarako lanak edo  Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteetako egoitzetan ere aurkeztu ahal izango dira.

Goizane: ekintzailetza eta ko-sorkuntza gunea

Lehen sektoreko eta elikadura balio-kateko eragileen artean elkarlana bultzatzea du helburu Landan Ekin-en baitan abiatutako Goizane ekimenak. Hiru saio egingo dituzte; dagoeneko egin dute, izaera dibulgatiboarekin, lehenengoa, eta eragileen ekarpenak jaso dituzte ekimena ontzeko. Urrian egingo dute bigarren saioa, Landa-Ekintzaile Sarietara aurkezten diren guztien partaidetzarekin, Ko-sorkuntza gaia oinarri hartuta, elkarren arteko sinergiak aprobetxatuz. Eta Azaroan borobilduko dute Goizane ekimena, ko-sorkuntza espazioan parte hartu duten eragileek proiektu eta egitasmo ezberdinak ezagutzeko bidaia antolatuta.

Landaola.eus ataria

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, HAZIk, BIC Gipuzkoak, Fraisoro eskolak, Neiker BRTAk eta CaixaBank-ek babestu dute  Landan Ekin ekimena.  Informazio gehiago behar izanez gero, Landaola.eus webgunean dago eskuragarri. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak