Iazko denboraldian bi jaitsiera baieztatu ostean, Bergara eta UDA izango dira aurten Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailan lehiatuko diren bailarako bi talde bakarrak. Bihar bertan ekingo diote bi taldeek liga txapelketari, eta, biak ala biak etxetik kanpo estreinatuko dira. Mahoneroek Elgoibarren jokatuko dute arratsaldeko 17:00etan hasita; ordu erdi beranduago hasiko da Amaikak Bat eta UDA taldeen arteko norgehiagoka Deban.
Bi entrenatzaileak, Unai Calzon eta Iker Ruiz de Larramendi "pozik" agertu dira denboraldi-aurrean egindako lanarekin, eta talde "sendoa" osatu dutelakoan daude. Bergarak fitxaketa bakarra egin du denboraldi berrirako, Julen Garmendia aurrelari elgetarra, eta, gainontzeko fitxaketak bigarren taldetik eta gazte mailako taldetik etorri dira. UDAren kasua bestelakoa da, baja garrantzitsuak izan dituzte aretxabaletarrek; horren ondorioz, bost fitxaketa egin dituzte taldea osatzeko.
Ondo hastearen garrantzia
Denboraldi aurreko prestaketak albo batera utzita, benetan garrantzitsuena, bihar zelaian jokoan egongo diren hiru puntuak izango dira. Denboraldia ondo hasteak bere garrantzia izaten du, eta, hori ondo baino hobeto dakite Bergarak eta UDAk. Nahiz eta iazko denboraldian arazorik ez zuten izan kategoria mantentzeko, hasiera ez batere ona izan
eta atzetik aurrerako lana egin behar izan zuten.
Aurten hori ekiditea izango da eman beharreko lehen pausoa, baina bi taldeek finkatuta dituzte helburuak. UDAko entrenatzaileak sailkapenean "ahalik eta goren" gelditzeko asmoa agertu du, baina, era berean, jokalarien onena ateratzea dela azpimarratu du; horretarako talde "indartsua" dutela uste du. Iker Ruiz de Larramendik argi du ez duela nahi iazkoa errepikatzea eta taldeak "hobetzen" jarraitzeko asmoa agertu du. Bestalde, kategoria "zaila" dela dio eta "edozer" pasa daitekeela jardunaldi bakoitzean, baina horrek lehiaketa "interesgarriagoa" izatea dakarrela ere aipatu du.
Gorengoen maila, ate joka
Datorren astean hasiko da denboraldia eta aurten lau talde izango dira Gorengoen mailan, Aloña Mendi, Mondra, Antzuola eta Aretxabaleta B. Lehen biak maila galdu zuten iaz, eta, nola ez, helburua goiko postuetan egotea eta mailaz igotzea izango da.