Behorra haitz artetik ezin irten Kurtzebarrin

Mirari Altube Arrese 2023ko ira. 6a, 08:56

Kurtzebarri menditik Elorretako Haitzetara bidean –gurutzetik 50 bat metrora– dauden haitzen artean pasatu zuen astelehenetik martitzera arteko gaua behor batek. Eskoriatzako Mazmela auzoko Josu Zurutuza da behor horren jabea, eta atzo goizean, beste hainbat lagunekin batera, handik ateratzea eta etxera onik jaistea lortu zuten. Irudiak eta argazkiak: Josu Zurutuza eta Roke Gastañaga.

Astelehen arratsaldean ikusi zuen mendizale batek behorra haitz artean sartuta. Inguruko baserritar batzuei abisua pasatu zien eta ikustera joan ziren, baina, ez zuten ezer egiterik izan orduan, iluntzear zelako. Hurrengo egunean itzultzea erabaki zuten, jabeari, Mazmelako Arane baserriko Josu Zurutuzari abisua pasatu ostean. "Irten ezinik zegoela jakinarazi ziguten. Oraindik ere, ez dakigu zergatik eta zelan sartu zen han", adierazi du.

Behorra, baina, ez zen geldi egon gauean eta hurrengo egunean, hankaz gora topatu zuten haitz artean.

Hura ateratzeko elkartu ziren lau lagun jabearekin batera. Hanketatik lotu zuten sokekin eta tiraka atera: "Haitzetara lotu genuen eta poliki-poliki ateratzen joan. Minik ez zezan hartu ahal dena egin genuen".

Behin aterata, berehala jarri zen zutik eta zauriak izan arren onik zegoen: "Etzanda eta geldi egonez gero saiek eraso egiten diete. Baina ez da halakorik gertatu", adierazi du jabeak. Mazmelara jaitsi zuten gero, eta orain, baserrian izango dute oneratu arte. "Bost bat egun beharko ditu erabat sendatzeko, baina berriro Kurtzebarrira bidaltzea gurako genuke. Guk espero dugu eta berak ere bai, seguru!"

Arane baserriko Zurutuzak dozena bat behor ditu Kurtzebarrin, baita ardi mordo bat ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak