Herri gehienetan egin du gora langabeziak abuztuan, iazko datuak hobetu arren

Itziar Larrañaga Sarasola 2023ko ira. 5a, 12:58

Gipuzkoako Lan Behategiak eman berri dituen datuen arabera, 2.373 langabe daude Debagoienean, aurreko hilabetean baino 90 pertsona gehiago. Aldiz, 2022ko abuztuko datuekin alderatuta irakurketa positiboagoa da, aurtengoan 141 langabe gutxiago egon baitira.

Hain justu iazko abuztuan izan zen azkenekoz langabezia tasa %8 baino gehiago; eta jaitsiera handia izan ez bada ere, ordutik nahiko egonkor mantendu da %7 eta %8 artean. Azken hilabetean %7,73an kokatu da, 2023ko altuena, urtarrileko datuarekin parekatuta.

Elgeta, salbuespena

Ia herri guztietan egin du gora langabeziak, eta Elgeta salbuespena izan da, 34 langabe izatetik 33ra igarota. Antzuolan hiru langabe gehiago egon dira azken hilabetean, Aretxabaletan hamabi, Arrasaten 34, Bergaran hamaika, Eskoriatzan bederatzi eta Oñatin hemeretzi.

 

Halaber, langabe kopurua bost baino gutxiago denean Lan Behategiak ez du datu zehatzik ematen; hori da hain justu Gatzagaren eta Aramaioren kasua.

Bestalde, 2022ko abuztuarekin alderatuta hobera egin dute Antzuolak, Aramaiok, Arrasatek, Bergarak, Eskoriatzak eta Oñatik; eta okerrera, Aretxabaletak eta Elgetak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak