Ikerlanek eta Capital Energyk lankidetzan jarduteko hitzarmen sinatu dute. Azaldu dutenez, energiaren sektorean "digitalizazioa eta jasangarritasuna bultzatzea" eta energiaren sektoreak dituen egungo erronketarako "irtenbide berritzaile bateratuak" garatzea dira akordioaren helburuak.
Zehatzago azalduta, digitalizazioak ekarri dituen baliabide teknologikoek baliatu nahi dituzte elkarrekintzan aritzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko. "Energiaren sektorea errotik eraldatu nahi dugu, garbiagoa eta eraginkorragoa izatea da asmoa", adierazi dute Ion Etxeberria Otadui Ikerlaneko zuzendari nagusiak eta Victor Gimeno Granda Capital Energyko Digitalizazio eta Jasangarritasun zuzendari nagusiak.
Gimenok eskerrak eman dizkio Ikerlani eta Capital Energyren helburuak adierazi ditu: "Hitzarmena mugarri bat da gure konpainiarentzat bikaintasunaren bidean, trantsizio energetiko ekologiko eta bidezkoak sortzen dizkigun erronkei irtenbide onenak emateko orduan". Etxeberriak ere esker hitzak izan ditu: "Harro gure arteko harremana indartzeaz. Lankidetza teknologiatik harago doa, gizarte-eredu iraunkorragorantz bultzatzen gaituen ikuspegi bateratuari erantzuten baitio".