Ines Osinagak Itziarko elizan aurkeztuko du bere azken lana zapatuan: Itsasoa Da Bide Bakarra. Iaz Durangoko Azokan egon ondoren, orain jaialdia egiteko erabakia hartu du, eta aurreratu duenez, lagun izango dituen musikari euskal herritarrez eta kubatarrez gain, sorpresa gehiago izango dira.
Proiektuaren lehen zatia Kuban garatu zuen musikariak, Habanan. Hainbat emakume musikari ezagutzeko aukera izan zuen, eta handik ekarritako materialarekin osatu zuen sorkuntza prozesua Euskal Herrian. Beraz, Itziarren ez ezik, Habanan ere aurkeztuko du proiektua, urriaren 6an hain zuzen ere. Osinagak adierazi duenez, ez da bira arrunta izango, soilik bi kontzertu joko baititu. Publikoak denetariko musika generoez gozatzeko aukera izango duela gehitu du, bere hitzetan diskoa musikalki oso anitza eta aberatsa baita. Lana soinu organikoez eta produkzio elektronikoaz osatua dago; "bidaia luzeko abestiak" dira.
Sorpresaz beteriko emanaldia
Osinagak, besteak beste, alboan izango ditu Yaima Orozco –guiroa, klabea eta mood guajiroa–, Naile Sosa –perkusioa– eta Irina Gonzalez –gitarra–. Baina baita Olatz Salvador, Miren Amuriza, Garazi Egiguren eta Janire Etxabe ere. Hala ere, sorpresaz beteriko emanaldia izango dela ziurtatu du: "Denbora asko daramat kontzertua prestatzen eta gogotsu nago oholtza gainera igotzeko; izugarria izango da".
Bestalde, larunbatera begira sentimendu kontrajarriak dituela aitortu du: "Alde batetik urduri nago, baina baita hunkituta eta pozik ere".
Edukiera beteta
Jaialdirako edukiera dagoeneko beteta dago eta 19:00etan irekiko dituzte ateak jarraitzaileentzat. Kontzertua Itziarko elizara lekualdatu dute, eguraldiaren iragarpen eskasa dela eta.