Osasun Sailak dio anbulantzia medikalizatuaren zerbitzua "uneoro" dagoela ziurtatuta Debagoienean

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko abu. 31a, 14:43

Anbulantzia medikalizatua Debagoienean.

Osakidetzak sarean lan egiten duela eta osasun-laguntza –anbulantzietako medikuen estaldura barne– bere baliabide guztiekin planifikatzen duela adierazi dute osasun arduradunek. "Beharrezkoa izan den une batean ere ez da medikurik gabeko laguntzarik eman", adierazi dute.

ESK sindikatuaren eta EH Bilduren salaketa astelehenean heldu zen; atzo, berriz, Oñatiko, Bergarako, Antzuolako, Elgetako, Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Leintz-Gatzagako alkateena. Kezkaz salatzen zuten Debagoienari zerbitzua ematen dion Arrasateko anbulantzia medikalizatuak mediku profesionalik gabeko zerbitzua eman zuela abuztuaren 5eko eta 27ko gauetan, 21:00etatik 09:00etara.

Osasun Sailetik prentsa ohar bidez eman dute erantzuna. Azaldu dute osasun-arreta "ziurtatua" egon dela eta dagoela Debagoiena "osoan" eta "uneoro". Gaineratu dute Osakidetzak sarean lan egiten duela eta osasun-laguntza bere baliabide guztiekin planifikatzen duela, anbulantzietako medikuen estaldura barne. "Osakidetzak, sarean lan egiten duenez, behar adina baliabide ditu eremu horretako herritar guztiei zerbitzua emateko. Beharrezkoa izan den une batean ere ez da medikurik gabeko laguntzarik eman".

Gipuzkoan bost anbulantzia medikalizatu daudela azaldu dute –Donostia, Bidasoa, Arrasate, Elgoibar eta Tolosa– eta Arrasateko dispositiboa okupatuta badago, Elgoibarkoak ematen duela laguntza aurreratua, eta baita ere HEM helikopteroak –Arrasaten dago heliportua–. "Beraz, une oro dago bermatuta medikalizatutako anbulantzia baten zerbitzua, medikuarekin. Elgoibarko SVAm da, hurbilena delako, edozein premiaren aurrean inguru hau guztia babesten duena".

Osasun Sailak gaineratu du abuztuaren 5eko gaueko txandan –21:00etatik 09:00etara– ez zela inolako abisurik egin, eta abuztuaren 27an abisu bakarra izan zela txanda horretan. Ospitaleen arteko lekualdaketa bat izan zela zehaztu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak