Joan den ostiralean jokatu zen Matterhorn Ultraks lasterketa, Skyrunner Word Series zirkuituko bederatzigarrena, eta bertan izan zen Ainara Urrutia. Suitzako Zermatt herrian hasi eta 25 kilometro luzeko lasterketa –2.876 metroko desnibel positibokoa– egin zuen aretxabaletarrak.
Bost ordutik jaistea lortu zuen Urrutiak –4:58:10ko denbora egin zuen– eta, horrela, hamar hoberenen artean helmugaratu zen. Lasterketaren azken txanpan maila ona erakutsi eta maldan behera izandako teknikak eta korrikaldi osoan zehar izandako irmotasunak eraman zituen aretxabaletarra emaitza hori lortzera. Horri esker, urrian jokatuko den SkyMasters lasterketarako sailkatzea lortu zuen.
Aitor Ajuria ere fin
Suitzako Zermatt herrian izan zen Aitor Ajuria ere eta, uztailean jokatu zen Schlegeis 3000 Skyrace lasterketan bezala, Euskal Selekzioaren ordezkari bezala aritu zen. Gatzagarrak ere lortu zuen bost ordutik jaistea –4:58:09 denbora egin zuen–, eta lasterketa lehenengo hamarren artean hasi bazuen ere, 36. postuan amaitu zuen.