Horrez gain, jakinarazi du Osakidetzako zentro batzuetako larrialdietako txanda asko medikurik gabe dabiltzala jardunean, eta 112 telefonoko deiak erizainak ari direla kudeatzen. "Horrela, erizainak beharturik daude mediku batek hartu beharko lituzkeen erabakiak hartzera, inolako babes juridikorik gabe". Are gehiago, larrialdietan ez ezik, erantsi du gauza bera ari dela gertatzen Etengabeko Arreta Guneetan ere. "Osakidetzatik gida bat eman diete paziente batek mediku baten arreta jaso nahi badu larrialdietako zentro koordinatzailera deitu behar dutela esanez, zerbitzu hau gehiago betez".
Hala, nabarmendu dute "EAJk zuzendutako Osasun Sailaren eta Osakidetzako erakunde desberdinen kudeaketa negargarri honek", osasun publikoaren eta bertako langileen "ospearen galera" dakarrela, eta zerbitzu pribaturako bidea errazten duela.