Termometroek gora egitea espero da gaurkoan, eta pixkanaka gorantz egingo dute datozen egunetan, baina, batez ere, eguaztenean, Euskalmetek iragarri baitu 39 gradu ingurukoak izan daitezkeela tenperaturak Kantauri barnealdean, eta, beraz, baita Debagoienean ere. Arratsaldean, gainera, igo egin daiteke tenperatura eta gauean ez da asko freskatuko. Arrasaten, esate baterako, aurreikuspenen arabera, 40 gradukoa izango da maximoa. Hala ere, beroaren ondorioz, trumoi hodeiak sor daitezke barnealdeko mendi inguruetan iluntzean, eta ekaitza ekar dezakete.
Euskalmetek, beraz, neurriak hartzeko gomendioak eman ditu, bero kolpeak eta beroak sortzen duen estresa saihesteko. Ur asko edateko aholkatu du, eta, ahal dela, bero handieneko orduetan kalera ez ateratzea eta kirolik ez egitea. Aparkatutako autoetan ez egoteko ere eskatu du, eta are gutxiago pertsonak edo animaliak barruan uztea.