1988ko abenduan argitaratu zuen AEDk Arrasate Press astekariaren lehen zenbakia. Hura izan zen mugarri, euskarazko tokian tokiko informazioari dagokionez. Arrakasta izan zuen formula asmatu zuten: gertuko informazioa, doan, etxeetara, zabalkunde handiarekin…, eta euskaraz.. Sekulako arrakasta izan zuen. Sortu eta urtebetera 7.000 alera iritsi zen.
Mondragoekoaren atzetik etorri ziren beste hamaika proiektu Euskal Herrian barrena. Horietako batzuk Debagoienean bertan. Berrigara, lehenbizi, 1990ean sortua eta hura ere astekaria, Arrasate Press-en eredu berdinarekin: herriko euskara elkarteak, Jardunek, Bergarako Udalarekin lagunduta. Arrasate eta Bergarakoen atzetik, Aretxagazeta, Ze Barri?, Kontuola, Txirritola, Goibekokale…, maiztasun ezberdinekin.
Debagoieneko aldizkari horiek guztiak 2006ko urtarrilera arte argitaratu ziren; 2001etik aurrera, eskualde osoan banatzen zen Goienkariarekin batera –gaur egun Goiena aldizkaria dena–.