Eguenean, uztailak 20, egin zuen Gurutze Gorriak urrezko zozketa eta parte hartu duten guztiei eskerrak eman gura dizkio Debagoieneko taldeak. "Asko eskertzen dugu partaidetzak erostearen bidez jasotako laguntza guztia, diru-sarrera oso garrantzitsua baita Gurutze Gorriak San Prudentzion duen egoitza mantentzeko, batez ere Gurutze Gorriko bazkideen dohaintzei esker mantentzen dena", dio prentsa oharrean Javier Igartuak, Debagoieneko Gurutze Gorriaren batzarreko presidenteak.
Larrialdietarako baliabideak hobetzeko eta proiektu soziosanitarioak bideratzeko
Debagoieneko Gurutze Gorriak Urrearen Zozketan bildutako funtsen zati bat sorospen eta larrialdietarako baliabideak mantentzeko eta hobetzeko erabiliko dute, jakinarazi dutenez. Bildutako funtsen beste zati bat, berriz, hainbat proiektu soziosanitariotara bideratuko dute, "hala nola mugikortasun murriztua duten pertsonentzako garraio egokitura, telelaguntza eta etxez etxeko laguntza edo ortopediako eta geriatriako produktuen doako mailegua, bai eta kolektibo kalteberei laguntzeko esku-hartze sozialeko hainbat proiektutara ere, hala nola adineko pertsonei, errefuxiatuei eta Debagoieneko gizarte-bazterketako arriskuan dauden familiei".
Boluntarioek egindako lana ere eskertu du bailarako Gurutze Gorriak: "Gurutze Gorritik bereziki eskertu nahi dugu boluntarioek egindako salmenta lan guztia, baita aurten ere partaidetzak saltzen lagundu diguten taberna, jatetxe, denda eta enpresa guztiei ere".
Urrezko zozketako emaitzak hemen kontsultatu daitezke.