Mondragon korporazioak 2022ko emaitzen "balantze positiboa" egin zuen eguaztenean izandako kongresuan. Korporazioa osatzen duten kooperatibek guztira 10.607 milioi euroko irabaziak lortu dituzte salmenten bitartez; hain zuzen, %10,7ko hazkundea da hori aurreko urteko datuekin alderatuta.
Banaketa eta finantza arloko emaitzei dagokienez, 5.476 milioiko salmentak eta 64 milioiko emaitzak izan ditu Eroskik; Erkop-eko lau kooperatibek, berriz, 283 milioiko salmentak, eta 6,1 milioiko emaitzak izan dituzte. Laboral Kutxaren kasuan, liderra izan da kaudimenari dagokionez eta 151 milioi euroko emaitzak lortu ditu.
Industria arloan, kooperatibek batez beste 27.316 pertsonako lan taldea izan dute, eta 2022. urtea 4.848 milioiko fakturazio gehituarekin (+%15,6) eta 222 milioiko emaitzekin amaitu dute. Nazioartekotzearen ondorioz, atzerriko merkatuetako salmentak industria arloaren %75 dira. Mondragon korporazioak 104 lantegi ditu atzerrian, eta 10.10o langile baino gehiago ditu horietan lanean.
Ekipo Ondasunak proiektu barruan dauden enpresen eskari kopurua nabarmenki handitu da, eta hori "bereziki esanguratsua" dela adierazi zuen korporazioak eguaztenean "nazioarteko gatazken eta hornidura kateko erronken ondorioz oraintxe dugun ziurgabetasun testuinguru honetan".
Automobilgintza proiektu barruan dauden kooperatibek ere %14-ko salmenta hazkundea izan dute aurreko urteko datuekin alderatuta.
Ezagutza Dibisioa
Aurtengo edizioan Mondragonek proposatu duen puntu esanguratsuenetako bat da "Ezagutza Dibisioaren sorrera". Erakunde guztiak dibisio berean integratzea eta haien arteko lankidetza bultzatzea da helburua. Hamaika erakunde eta 2.000 pertsona inguru bilduko ditu Ezagutza Dibisioak, eta 150 milioi euro inguruko aurrekontua izango du.