Uztailaren 21ean amaituko da hauteskunde-kanpaina eta dagoeneko zenbait ekitaldi egin dituzte eta beste zenbait iragarri dituzte Debagoienean alderdi politikoek datozen egunetarako.
Hirugarren hautagaitzaren bila
Uztailaren 7an hasi zen kanpaina, eta egun hartan bertan EH Bilduk ekitaldia egin zuen Bergaran. Maialen Urzelai oñatiarra da alderdiaren Gipuzkoako hautagaia Kongresurako. Alboan izan zituen zenbait alderdikide; tartean, Bergarako alkate Gorka Artola eta Maddalen Iriarte, EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailea. Gipuzkoako hirugarren hautagaitza eskuratu nahi dute. Kongresuan; kasu horretan, Urzelai bera.
Halaber, bihar goizean, 12:30ean, Maddalen Iriarte eta Maialen Urzelai Oñatiko plazan egingo duten ekitaldian izango dira.
EAJ, Arrasaten eta Oñatin
Gipuzkoako EAJk ez du ekitaldirik egin egun hauetan Debagoienean, baina alderdi jeltzaleak GOIENAri jakinarazi dio martitzenean, hilak 18, 11:00etan Arrasateko Biteri Plazan egingo dutela ekitaldia. Aitor Esteban eta Maribel Vaquero Kongresurako alderdiaren Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuek hartuko dute parte. Ondoren, Oñatin izango dira.
Arrosa banaketa Arrasaten
Hilaren 7an, Kongresurako PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua den Rafaela Romero izan zen alderdikideekin batera Arrasaten, eta hilaren 21 goizean Arrasateko Arizmendiarrieta plazan egingo duten ohiko arrosa banaketan hartuko du parte zerrendako bigarren Maria Luisa Garciak alderdiko kideekin batera.
Astelehenean Arrasaten
Debagoiena Batuz taldeak Sumarren kartelak itsatsi zituen Arrasaten 7an. Astelehenean, 18:00etan, Seber Altuben izango dira, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu Pilar Garrido eta hirugarrena den Juan Luis Merino eskoriatzarra, Kongresurako Madrilgo zerrendetan dagoen Alejandra Jacinto eta Equo Berdeak-eko kide Florent Marcellesi.