Marka hautsi du posta bidezko botoen eskaerak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko uzt. 14a, 09:00

Herritarrak Arrasateko Correosen bulegoan atzo eguerdian. (Argazkia: I.A.A.).

Atzo amaitu zen posta bidezko botoa eskatzeko epea, eta, INEk emandako datuen arabera, uztailaren 11n botoa eman dezaketen 585.879 gipuzkoarretatik 49.587k posta bidezko boto eskaera egina zuten dagoeneko; M28an baino %319 gehiago.

Uztailaren 23an egingo dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ,eta 49.528 debagoiendar daude deituta botoa ematera, Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) emandako datuen arabera; maiatzeko hauteskundeetan baino 67 lagun gutxiago: Arrasaten 16.932, Bergaran 11.286, Oñatin 8.777, Aretxabaletan 5.531, Eskoriatzan 3.230, Antzuolan 1.601, Aramaion 1.150, Elgetan 856 eta Leintz Gatzagan 165.

M28ko hauteskundeetako leku berak bihurtuko dira hautesleku, eta bakoitzak dagokion gunean eman beharko du botoa. 21 hautesleku jarriko dituzte, eta 79 mahai: Arrasaten sei hautesleku eta 29 mahaitan banatua, Bergaran bost eta hamazazpi mahai, Oñatin lau eta hamabost mahai, Aretxabaletan bat zortzi mahairekin, Eskoriatzan ere bat lau mahairekin, Aramaion eta Antzuolan hautesleku bana bina mahairekin eta Elgetan eta Leintz Gatzagan hautesleku bana mahai banarekin.

Markak hausten

Hauteskundeak izango diren eguna tarteko, hauteskunde mahaietan egotea tokatu zaienen helegite kopuruak gorakada izan du, eta gauza bera gertatu da posta bidezko botoa eskatu dutenen kopuruarekin, maiatzarekin alderatuta. INEk emandako datuen arabera, 585.879 gipuzkoarrek eman dezakete botoa, eta, posta bidezko botoa eskatzeko epea atzo amaitu ba- zen ere, uztailaren 11rako 49.582 gipuzkoarrek zuten posta bidezko botoa eskatuta; %319 gehiago udal eta foru hauteskundeekin alderatuta. Gorakada handiagoa izan da Hego Euskal Herriko gainerako probintzietan, eta, hilaren 11ko datuen arabera, Nafarroan %346 egin du gora, Araban %382 eta Bizkaian %401.

Ilara Arrasateko Correosera sartzeko, uztailaren 13 arratsaldean.

Jarraibideak

Behin posta bidezko boto eskaera egiteko epea itxita, uztailaren 16ra bitartean posta ziurtatu bidez zehaztutako helbidean jasoko dute eskatzaileek dokumentazioa, Correosen bidez. Postariak bi entrega saiakera egingo ditu, eta, erantzunik ezean, gertuen dagoen Correosen bulegoan hartu beharko da.

Dokumentazioa jasota, uztailaren 20ra arte entregatu daiteke botoa Correosen edozein bulegotan; egun hori barne. Postariak entregatutako doku- mentazioan daude zehaztuta jarraibideak. Botoak dagokion gutun-azalean sartu behar dira eta bulegoan aurkeztu behar ditu eskatzaileak, errolda-ziurtagiriarekin batera. Bulegora joan ezin duenak baimena eman diezaioke beste bati; baimen sinatua aurkeztu beharko da titularraren izenean, titularraren eta pertsona baimenduaren identifikazio-agirien fotokopiekin.

Bihar, bulegoak zabalik

Eskaeren zaparradaren aurrean, neurriak hartu ditu Correosek, pertsonala indartzea, esaterako –EAEn 1.234 errefortzu kontratu egin dituzte, horietatik 359 Gipuzkoan–. Bestalde, gomendatu die hauteskunde-informazioa eta botoak etxean dituztenei ahalik eta azkarren uzteko euren botoak Correosen edozein bulegotan. Dei hori egin du izapideak arindu eta "nahi ga- beko itxaronaldiak" saihesteko, egun hauetako pilaketak direla eta. Era berean, jakinarazi du egoera ikusita, eta izapideak errazteko, ordutegiak malgutu egun dituela aste hauetan eta bihar, zapatua, Arrasateko, Aretxabaletako, Bergarako eta Oñatiko bulegoak zabalik egongo direla 09:00etatik 14:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak