Denboraldi bikaina egiten ari dira Oihana Kortazar eta Ainara Urrutia debagoiendarrak. Kortazarrek Peades d'Aigua (PDA) mendi lasterketa irabaztea lortu zuen joan den eguenean Pirinioetan. Probak dituen berrogeita hamabost kilometroak egiteko, sei ordu eta hogeita hamabi minutu behar izan zituen, (6:32:38). Elgetarra nagusi izan zen hasieratik bukaeraraino.
Ainara Urrutia, ordea, Gamiz-Fikan (Bizkaia) jokatu zen Burdin Hesiko Elkartasuneko Mendi lasterketan aritu zen, eta meritu handiko bigarren postua eskuratu zuen. Aretxabaletarra ere fin ari da aurten, eta lasterketako lehen edizioan podium-ean izatea lortu zuen. Urrutiak hiru ordu eta hamazortzi minututan egin zituen probak zituen hogeita hamalau kilometroak, (3:18:47).