Lehen metala, orain punka, baina beti oihuka

Hasier Larrea 2023ko uzt. 8a, 09:31

John Lasagabaster, Ibai Sanz, Ander Okina, Markel Elortondo eta Josu Rodriguez dira Oihu! taldeko egungo kideak.

Aretxabaletako eta Eskoriatzako bost gaztek osatzen dute Oihu! taldea. 16-17 urteren bueltakoak izan arren, 2018an hasi ziren jotzen. Aurten aldaketak izan dituzte formazioan: "Lantzen gabiltzan abesti berrietan igarriko da estilo aldaketa ere".

Joan den astean, txosnaguneko protagonistetako bat izan zen Oihu!, Rebel Noise, Perlata eta Txerrikumeak taldeekin jo baitzuten herriko jaien baitako kontzertua. "Berezia" izan zela aipatu du Josu Rodriguez bateria-joleak, aurrera begirako asmoen berri ematearekin batera: "Uztailaren 14an Portasolgo jaietan joko dugu, eta, gero, entsegu-lokalean sartuko gara, Aretxabaletako kuartelean, irailean grabatzeko asmoa dugun diskoa prestatzeko; izan ere, taldekide bat Madrilera joango da ikastera orduan".

Sukaldeko lanak, isilean

Oso gazteak dira, baina ez hasiberriak, eta dagoeneko erakutsi dute egoera berrietara moldatzeko gaitasuna. "Iaz Peio Uribetxebarriak eta Iker Urtazak taldea lagako zutela esan, eta kide berriak topatzeari ekin genion; irailean, Gatzagako jaietan, komentatu genien John Lasagabaster, Ander Okina eta Ibai Sanzi ea Oihu!-ko abeslari, baxu-jole eta gitarra-jole izan nahi zuten, ezagunak genituelako eta bagenekielako zerbait egin gura zutela. Zorionez, onartu egin zuten gonbidapena", azaldu du Rodriguezek.

Formazio aldaketa ez zuten bat-batean egin, ezta lau haizeetara iragarri ere: "Hilabete batzuk eman genituen lokalean denok batera entseatzen, eta lau abestiko maketa grabatu genuen jatorrizko kideekin, nahiko heavya, taldearen lehen fase hura nolabait borobiltzeko. Bitartean, kide berriekin zuzenekoak prestatu genituen; ikusi dugu estilo punkagoa dugula orain". Aldaketa hori non igartzen den galdetuta, hona hemen bateria-jolearen erantzuna: "Uribetxebarria gitarra-jole ohiak bazeukan gaitasuna soloak egiteko, baina jada ez dago; era berean, Rodeo, Latzen eta Rage Against The Machine taldeen bertsioak jotzeari utzi diogu, Arkada Social, Eskoria-Tza zein Heriotza taldeenak hobetsita".

FASE BERRIKO LEHEN KANTUA URRIAN KALERATUKO DUTE, KUARTELEKO TALDEEN DISKO BATERATUAN

Harrera onari, jarraipena

Entzuleek proposamen berria ondo jaso dutela nabarmendu du Rodriguezek; duela aste batzuk Berriatuan emandako zuzenekora joateko autobus bat bete zutela jarri du adibide modura. Zaleen bultzada horrek lagunduko die sortzen dabiltzan kantuei forma emateko: "Asmoa da hilabete batzuk barru sei abesti propio eta bertsio bateko diskoa ateratzea; asteotan konposaketak finduko ditugu, eta uda bukaeran grabatuko dizkigu taldekide ohi Uribetxebarriak, maketarekin egin bezala; orduan soinu txukuna atera genion".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak