Hamaika ekintza antolatu dituzte hiru egunetarako. 17:30ean izango da harrera hilaren 20an, Eskoriatzan, eta tailerrak egingo dituzte 18:30etatik aurrera. Afaria ere antolatu dute, eta, amaitzeko, Miseriaren adarrak bertso saioa eskainiko dute Ekida egitasmoko kideek.
Egubakoitzean, hilaren 21ean, egingo dute lehen ibilaldia, Aretxabaletara joango baitira oinez, 09:00etan. Bazkariaren ostean, Prozesu sozialista eta ikasle langileon zeregina hitzaldia izango dute, eta, ondoren, Edu Zardoya musikariaren kontzertu akustikoa. Afal ostean, berriz, gaubela.
Larunbata, azken eguna
Ikasle antolakuntza eta etorkizuneko erronkak hitzaldiarekin ekingo diote hirugarren egunari, eta, ondoren, Aretxabaletatik Aramaiorako bidea egingo dute. Bazkaria, pilota partidua eta kontzertua izango dituzte arratsaldean, eta, 22:30ean, ekitaldi politikoa egingo dute. Amaitzeko, Youth United, Improbus eta DJ Mondongo arituko dira oholtza gainean.
Salmenta puntuak
Horretarako, ordea, jakinarazi dute bonoak erosi behar direla. Hego Euskal Herriko leku ezberdinetan dago horretarako aukera, eta, beraz, baita Debagoienean ere: Bergaran, Usoa tabernan; Oñatin, Aker tabernan; Arrasaten, Osorik tabernan; Aretxabaletan, Ezkutu tabernan; eta, Aramaion, Añai tabernan.