Gaur, hilak 4, hasiko duten Donostia Cup futbol txapelketak mundu osoko taldeak hartuko ditu. Inaugurazio ekitaldiak 15.000 lagun baino gehiago batuko ditu gaur Reale Arenan (21:00), baina Gipuzkoako herri askotan arratsaldean bertan hasiko dira partiduak jokatzen.
Hala, Donosti Cup-ek guztira hamasei maila ditu, 10 mutilenak eta 6 neskenak, eta torneoan batuko diren ehunka taldeekin batera, Debagoieneko taldeei dagokienez, Aloña Mendik kadete mailako talde bat izango du, Roberto Hernandezek eta Unai Garaik zuzenduko dutena (B15), eta Mondrak beste bi talde izango ditu, Aratz Sanchezek zuzenduko duen B14ko taldea eta Gorka Ibarguenek zuzenduko duen B13ko taldea.
Partiduak Arrasaten eta Bergaran
Horrekin batera, Donosti Cupeko partiduak jokatuko dituzte, gaur arratsaldetik hasita, Mojategin eta Bergaran –Agorrosinen eta Ipintzan–. Esan moduan, gaur, martitzena, jokatuko dituzte lehenenko lehiak, baina Debagoieneko hiru futbol zelai horietan ostiralera arte egongo dira partiduak ikusgai –ordutegiak loturatan–.
Aloña Mendiko hiru jokalari AEBtako talde batekin batera
Sare sozialetan eman du Aratz Losada oñatiarrak bitxikeria honen berri, izan ere, Donosti Cup-en esku hartzeko asmoz etorri den San Flancisco Glens talde estatu batuarrak azken orduko arazoak tarteko behar dena baino jokalari gutxiagorekin egin du bidaia. Horren aurrean, taldeko ordezkariek laguntza eskatu diete antolatzaileei, ea norbait animatuko litzatekeen taldea osatzen laguntzeko. "Antolatzaileak bi herrialdeak ondo ezagutzen dituen Iñaki Galdos oñatiarrarekin –kirol diputatua izan zen 2007tik 2011ra– jarri ziren harremanetan, eta honek Aloña Mendiko ordezkariei egin zien proposamena. Klubean gaia aztertu ondoren, Aloña Mendiko Izaro Allendek, Maialen Txintxurretak eta Naroa Igartuak –hirurak erdilariak– AEBtako taldearekin batera jokatuko dute". Eta, Galdosek berak beste bitxikeria bat gaineratu dio istorio honi: "Taldeko arduradunak bere birramona oñatiarra zela esan zidan, beraz, poz berezia hartu zuen taldea osatzen lagunduko dutenak txantxikuak direla jakin zuenean".
Bada, San Flancisco Glens taldeak gaur, martitzena, egingo du debuta Zarauzko Asti futbol zelaian (16:15), eta Futbolfem taldeko ordezkariak izango dituzte aurrean.