Eider Mendoza (EAJ) izango da Gipuzkoako ahaldun nagusi datorren agintaldian. Mendozak EAJko 17 eta PSE-EEren zazpi botoak jaso ditu, eta PPk ere jeltzaleen alde bozkatu du.
Bi bozketa egin dira diputatu nagusia aukeratzeko. Lehenengoan berdinketa izan da: 24na boto eskuratu dituzte Eider Mendoza hautagaiak, EAJren eta PSE-EEren botoak, eta Maddalen Iriartek, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemoseko talde mistoarenak. PPk 3 boto zuri eman ditu.
Batzar Nagusien erabateko gehiengorik inork lortu ez duenez, bigarren bozketa egin da: 25 boto EAJren eta PSE-EEren hautagaiaren alde, bi alderdien babesa eta PPren batzarkide batena; 24 boto, EH Bilduko Maddalen Iriarteri; eta 2 boto zuri, PPrenak.
Batzar Nagusietako lehendakari Xabier Ezeizabarrenak, eman dio aginte makila Mendozari. Ondoren, ahaldun nagusi moduan bere lehen hitzak eskaini ditu Eider Mendozak: "Benetako ohorea eta ardura da gipuzkoarron borondatearen ordezkari izatea. Onena emango dut gipuzkoar guztion ongizatea, aukera eta eskubide berdintasuna bermatzen jarraitzeko".