Suaren garrak erre ditu txar guztiak

Xabier Urtzelai 2023ko eka. 24a, 10:34

San Juan bezperak Arrasaten hartu zuen atzo protagonismo handiena, baina Debagoieneko gainontzeko herrietan ere egin zuten suaren bueltan jaia. 

Aretxabaletan Leizarra musika eskolako kideek Dantza Plaza eskainita hasi zuten arratsaldeko ikuskizuna; Ondoren, buruhandien kalejira egin zuten eta gero Bide Batez taldeak dantzaldiari ekingo zion. Gauean, kalejira egin zuten dantzariek eta Herriko Plazara iritsitakoan sanjuanetako zortzikoa dantzatu eta sua piztuko zuten. Gauerdian, berriz, 2005ean jaiotako neska-mutikoek izan zuten tantaia jasotzeko ardura. Eskoriatzan, berriz, urtebete nagusiagoek jaso zuten tantaia 22:00etan, eta jarraian piztu zuten sua plazan.

Leintz Gatzagan, boluntario talde batek goizeko hamaiketarako etxez etxe banatu zituen, atariz atari, basoan batutako iratze sortak. Eta, horiek sutara bota zituzten gero, gauean, 22:30ak aldera San Migel plazan sua piztu zutenean.

Antzuolan ere tantai ederra jaso zuten plazan, eta Udaleko ordezkari eta langileetako batzuk ibili ziren zeregin horretan. Oinarin dantza taldekoak egin zuten dantzan, eta besteak beste, San Juan zortzikoa dantzatu zuten arbolaren bueltan. Eta iluntzean, 22:00ak aldera piztu zuten sua.

Bergaran, Elgetan, Aramaion edota Oñatin ere suaren bueltan ospatu zuten San Juan bezpera. Aramaion Azkoaga auzoan ospatu zituzten San Juan jaiak; Elgetar gazteek sua piztu aurretik DJ festa izan zuten, eta Oñatin Txantxiku Ikastolako guraso talde baten eta Udalekoen artean prestatu zuten San Juan suaren jaia, Olaitturrin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak