Denon Bizitzak Erdigunean prozesuan izan dira murgilduta azken urtean mugimendu feministako hainbat eragile eta norbanako, "zaintza sistema iraultzeko" asmoz. Inflexio puntuak izan dituzte bitarte horretan; esate baterako, iaz Gasteizen eginiko zaintza sistemaren ezaugarritzearen inguruko jardunaldiak, eta hain justu, orduan erabaki zuten greba feminista orokorrerako deia egitea. Martxoaren 8an eman zuten horren berri, data zehatzik iragarri ez zuten arren.
Nabarmendu dutenez, "zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde" aterako dira kalera bost hilabete barru: "Pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka, zaintza lanetan eta sektore feminizatuetan baldintza onartezinetan bizi garen emakumeon eskubideen alde, egungo sistema mantentzen dutenei ardura era erantzukizuna eskatzeko… Eta beste hamaika aldarri jarriko ditugu erdigunean".
Alabaina, ohartarazi dute honi erantzutean "guztion ardura" dela, "bizitza duinen" aldeko borroka bat dela erantsita. "Bizitza osoan zehar zainduak izateko eta konpromiso berdinaz zaintzeko eskubidea lortzeko".
Batzeko deia
Orain, beraz, egunari begira jarrita daude. Auzo eta herrietan egingo diren deialdietara batzeko deia luzatu diete herritarrei. "Ordurako prozesua asanbladetan eta kaleetan egingo dugu, batzen gaituzten aldarriak ipar, aldaketak eragitera goaz. Zaintza eskubide kolektiboaren alde, guztiok grebara".