Argiak salatu du multinazional batek elkarrizketa bat ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko eskatu diola

Mirari Altube Arrese 2023ko eka. 20a, 16:46

(Argazkia: Dani Blanco / Argia)

Argia aldizkariak gaur egindako agerraldian salatu du Solway multinazionalak eskatu diola Paolina Albani Guatemalako kazetariari eginiko elkarrizketa ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko. "Ez dugu ezabatuko, ez dugu ordainduko, eta informatzen jarraituko dugu", adierazi dute, Mugarik Gabe GKEko kideekin batera egindako prentsaurrekoan.

Argiak aditzera eman duenez Prensa Comunitaria hedabidean kolaboratzen du Paolina Albani kazetariak, Mining Secrets ikerketaren gainean egin zien berba Euskal Herrira etorri zenean Mugarik Gabe GKEak gonbidatuta, apirilean.

Nazioarteko 65 kazetari inguru daude Mining Secrets horren bueltan. Eta zortzi milioi dokumentuko filtrazio bat jasota, kazetariek  ondorioztatu zuten Suitzan egoitza duen Solway meatzaritza multinazionalak Guatemalan dituen bi filialek egindako kutsadura-txostenak ezkutatu dituela, tartean, herrialdeko lakurik handienekoa. Hala, adierazi zien Albanik Argiakoei eta gaineratu Solway taldeak haren baliabide finantzario eta politikoak erabili dituela Guatemalan haren interesen aldeko erabakiak har ditzaten. Multinazionalak hedabideekin duen jokabidea ere nabarmendu zuen kazetariak: informatzeagatik kriminalizatzea, esaterako.

Hala, gaurko agerraldian salatu dute Argiako kideek Solway multinazionalak Espainiako Estatuan duen abokatu bulegotik Albani kazetariari eginiko elkarrizketa ezabatzeko eskatu dietela, eta 15.000 euro ordaintzeko. Eta gaineratu dute hori egin ezean, kasua epaitegietara eramateko mehatxua egin dietela. Argi utzi gura izan dute halakorik ez dutela egingo eta kazetaritza independentea aldarrikatzen jarraitzeko asmoa agertu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak