Elkarlanerako hitzarmena sinatu dute HUHEZIk eta Telesforo Monzon laborategiak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko eka. 15a, 11:39

Urko Aiartza Telesforo Monzon eLab-eko zuzendaria eta Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko dekanoa.

Prospektiba estrategikoa, agenda politiko berria, eta gobernantza eta politiken berrikuntza izango dira landuko dituzten gaiak.

Urko Aiartza Telesforo Monzon eLab-eko zuzendariak eta Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak hartu dute parte gaurko sinadura ekitaldian, eta adierazi dute lankidetzarako hitzarmena "asmo orokor eta argi batek" bideratuko duela. "Euskal herrigintzak garai historiko berriari, lankidetzaren bidetik eta eraldaketako kulturan oinarrituta, erantzun sistemikoa emateko xedeari ekarpena egitea, hurrengo bi hamarkadetako trantsizioei herri modura egin diezaiogun aurre".

Horretarako, laborategiak azken urteotan Lanki ikertegiko Herrigintzaren Berrikuntzan egitasmoarekin landutako proiektuak izango dira abiapuntua.

Hitzarmenaren garrantzia

Aiartzaren arabera, hitzarmen hau "garrantzitsua" da: "Gogoeta eta esperimentazioa ardatz duen gure moduko laborategi baterako, oso inportantea da Mondragon Unibertsitatea bezalako erakundeekin elkarlanean aritzea, herrigintzak dituen erronken aurrean prospektiba egiteko". Eta Ipiñak erantsi du hitzarmena "oso bat" datorrela fakultateak dituen balioekin. "Aukera emango dio MUri herrigintzaren markoan esperimentatzeko eta sarea sustatzeko".

Erakunde bakoitzaren autonomia bermatuko dute, baina elkarlana "ahalik eta eraginkorrena" izateko nahia dute biek ere. "Helburua da erakunde bien jardunak ahalik eta koordinatuen eramatea, indarrak bideratzeko asmoarekin. Erakunde biak ahalik eta ondoen koordinatzea, bien arteko indarrak biderkatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak