Ikastetxe-Klik proiektuarekin, energia kontsumoan lehen baino eraginkorrago

Miren Arregi Amasorrain 2023ko eka. 12a, 12:18

2022-2023 ikasturtean zehar Debagoieneko hamahiru ikastetxetan garatu den Ikastetxe-Klik proiektua iritsi da lehenengo fasearen bukaerara. Debagoiena 2030ek eta Debagoieneko hainbat udalek –Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako, Elgetako, Eskoriatzako eta Oñatiko Udalek– bultzatutako proiektuari esker, eskualdeko hamahiru ikastetxek urratsak egin dituzte energia eraginkortasunari lotuta. Ikusgai duzue ikasturte bukaera dela-eta, D2030ek egindako bideoa.

Proiektuaren helburua zen ikasturte honetan zehar ikastetxeetako eraikin bakoitzaren ur eta  energia kontsumoak murriztea. Lanketa hori gidatzeko EkoON enpresaren laguntza izan dute eta bakoitzean irakaslez, ikaslez, ikastetxeko langilez eta kasuan kasu udal ordezkariz osatutako batzordeak eratu dira prozesua diseinatu eta hartutako neurrien jarraipena egiteko. 

Neurri desberdinak jarri dituzte martxan

Batzordeak hilabeteroko maiztasunarekin batu dira eta EkoOnekin batera hainbat neurri proposatu dituzte energia kontsumoa aurrezteko; hala nola, ur-iturrien isurketak kontrolatzeko bridak jartzea, beharrezkoak ez diren argiak kentzea, kontsumo gutxiko argiak jartzea edo kontsumo mamuak identifikatzea –itoginak dauden, behar ez diren galdarak urez ez betetzea, asteburu eta oporretan berogailua itzaltzea…–. 

Horretaz gain, zenbait ikastetxek hainbat neurri garatu dituzte, proiektuaren motibazioan eta emaitzetan eragin dutenak; hala nola, proiektuaren logoa diseinatzea, energia nola aurreztu azaltzen duen gida sortzea edo “patrulla berdearen” edo “ekoliderraren” figura, zeintzuk energia eraginkortasunera bideratutako neurriak betetzen direla ziurtatzeko ardura izan duten. 

Gainera, EkoOn-eko kideen eskutik, ikasleek zein irakasleek formazio laburrak hartu dituzte, esaterako, argi kontsumoen ingurukoa –argi-mahai batekin argi desberdinek zein kontsumo duten azaltzen deuena–. Halaber, luxometro baten bidez ikasleek zein irakasleek geletako argia neurtzen eta legeak gutxieneko zein argi potentzia ezartzen duen ikasi dute, eta azkenik, eguzki sukaldearekin jolas ere egin dute, eguzkiaren energiaz hirugihar bokadiloa eginaz, besteak beste. 

Ikastetxe-Klik Debagoienean trantsizio energetikoa sustatzeko D2030 ekimenak bultzatutako ‘Eraginez Piztu’ esku-hartze proposamenaren baitako proiektua da. 

Proiektuan parte hartu duten ikastetxeak

Aretxabaletan: Kurtzebarri Eskola eta Kurtzebarri BHI

Arrasaten: Arrasate Herri Eskola eta Arrasate Institutua

Arrasate eta Eskoriatza: Arizmendi (Almen eta Gazteluondo)

Bergaran: Mariaren Lagundia, San Martin Herri Eskola eta Aranzadi Ikastola

Elgetan: Elgetako Herri Eskola

Eskoriatza: Luis Ezeiza Herri Eskola

Oñati: Oñatiko Instituta eta Elkar-Hezi ikastetxea

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak