Malen Osa 42. sailkatu da Mundialeko atariko proban, kilometro bertikalean

Xabier Urtzelai 2023ko eka. 7a, 17:38

Egunotan Innsbrucken (Austria) jokatzen dabiltzan Munduko Txapelketan lau debagoiendar daude: Malen Osa, Oihana Kortazar, Ainara Urrutia eta Ibai Larrea. Oñatikoa izan da lehenengoa estreinatzen, eta zapatuan izango du bigarren hitzordua. Bihar, eguena, 09:00etan hasita Kortazarrek eta Urrutiak 45 kilometrotako lasterketa dute. 

Malen Osa oñatiarra, Ainara Urrutia aretxabaletarra, Oihana Kortazar elgetarra eta Ibai Larrea antzuolarra Innsbrucen (Austria) daude egunotan, Munduko Txapelketan. Espainiako hautatzaileak guztira 40 mendi lasterkari aukeratu ditu duela urte erdi Thailandian eskuratu zituzten zazpi dominen marka hobetzeko helburuarekin, eta esan moduan, Debagoieneko lau atleta daude aukeratu horien artean. 

Gaur, eguaztena hasi dute Mundiala, eta atariko proban, kilometro bertikalean (7 kilometro eta 1.020 metro), Malen Osa 41. postuan sailkatu da. Oso igoera azkarra izan da, eta Osak 55.56ko marka egin du. Oñatikoak bizpahiru egun izango ditu indarrak errekuperatzeko, oraingo zapatuan (14:00) izango du-eta hurrengo lasterketa, 15 kilometrotako proba: "23 urtez azpiko kategoriarik ez dagoenez elite mailakoekin hartuko dut parte, eta mundu mailako erreferentak izango ditut hor. Egia esan ikastera noa Mundiala, ez dut helburu konkreturik, daukadan onena eman eta esperientzia bizi izatera noa", adierazi zuen Osak joan den astean.

Kortazarrek eta Urrutiak, eguenean

Oihana Kortazarrek eta Ainara Urrutiak bihar, eguena, izango dute 45 kilometrotako proba gogorra (09:00). Hain zuzen, lasterketa horretan ez da Munduko txapelduna den Denisa Ionela Dragomir errumaniarra egongo, baina bai izango dira Barbora Macunoca txekiarra eta Emilia Brangefalt. Hain zuzen, aurreko edizioan Oihana Kortazar laugarrena izan zen. Bada, 45 kilometrotan 3.000 metro pasatxoko desnibela gainditu beharko dute. 

Larreak ere zapatuan

Esan moduan, Malen Osak zapatuan (14:00), izango du 15 kilometrotako lasterketa, proba klasikoa deritzona, eta iazko irabazle Ugandako Rebecca Cheptegei da faborito nagusia. Gizonezkoetan ere beste debagoiendar bat izango da distantzia berean lehian, Ibai Larrea antzuolarra. Horiek ere emakumezkoen ibilbide berbera izango dute (12:00). Iazko Mundialean podiuma erabat afrikarra izan zen, eta iazko azpitxapelduna izango da Innsbruckeko irteera puntuan, Patric Chemutai. 

Lasterketa guztiak streamingez jarraitu daitezke, hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak