Txirrindulariak uztailaren 2ko etapan murgilduko dira bailaran. Guztira 208 km inguru izango ditu eta eskualdera Aramaioko Kurtzeta mendatetik sartu eta Udanatik irtengo da, Frantziako Tourreko webgunean ageri den bezala. Gauzak horrela, parte hartzaileak Gesalibarretik igaro ondoren Arrasateko kaleak gurutzatuko dituzte, beranduxeago Oñatira iristeko.
Lasterketa egunetan Euskaditik igaroko diren etapei begirako dispositiboa aurkeztu zuen astelehenean Bilbon, Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak. Hark adierazi zuenez, lasterketa igaroko diren errepideak bost ordu lehenago itxiko dira, eta hortaz, herritarrei aldez aurretik planifikatzeko eskatu die. Era berean, txirrindulariak igaro baino bi ordu lehenago, animazio karabana bat igaroko dela iragarri du.
Hala ere, antolatzaileek oraindik ez dituzte xehetasun guztiak eman kale-mozketen inguruan. Espero da datozen egunetan informazio gehiago helaraztea.
Ordutegiak
Txirrindulariak ibilbideko puntu bakoitzetik zein ordutan igaroko diren aurreikusten duen taula argitaratu dute antolatzaileek. Hor zehaztu dutenez, Kurtzetan 13:30ak inguruan sartuko lirateke, Aramaiotik 13:40ean pasatu, Arrasatetik 13:50ean, Zubillagatik 14:00etan, Oñatitik 14:10en bueltan eta azkenik Udanako mendatetik 14:20an igaroko lirateke. Hala ere, lasterketaren batez besteko abiadurak baldintzatuko du ordutegi bakoitza.
Boluntario bila
Ertzaintzaz eta udaltzaingoaz gain, Arrasaten lasterketaren segurtasuna bermatzen lagunduko duten boluntario bila dabiltza. Horretarako, Tour Lagunak osatzen ari dira eta boluntarioek trukean, arropa, bestelako materiala eta zozketa esklusiboetan parte hartzeko aukera izango dute.