"Arazoak konpondu egin direla esatea gustatuko litzaiguke, baina badakigu hori ez dela hain samur konponduko. Uste bezala, arazo larriekin jarraitzen dugu", adierazi du Eugenia Pablos ordezkariak ohar bidez. Hala ere, pozik agertu dira bizi duten "egoera larriaren" jakitun direlako orain herritarrak.
Hainbat intzidentzia azken egunetan
Egoera ez dela konpondu adierazten duten adibide batzuk eman ditu: "Gaur arratsaldean bertan, Ertzaintza Avanza enpresako autobusak gelditu eta aztertzen ari da Zumarragako geltokian. Oraingoz, ibilgailu bat bertan uztera behartu dute, eta garabiarekin bakarrik kendu ahal izango da, balazta-diskoak eta atzeman dituzten beste akats batzuk zein egoeratan dauden ikusita". Beste autobus bati egindako azterketa batean, antzeko arrazoiagatik, enpresak isuna jaso duela gaineratu du.
Eskoriatza eta Gatzaga artean zerbitzua ematen duen autobusa Gatzagainean geratu dela eman du aditzera Pablosek, eta Bergara Zumarraga artean dabilen beste bat ere bidean geratu dela esan du. Domekan ere beste intzidentzia bat izan zela gaineratu du: "Lankide bati gurpil bat lehertu zitzaion Bergaratik Eskoriatzara zihoala. Eta, dudarik gabe, atzo ere gurpila lehertu egin zen autobidean".