Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, igandean topatu zuten Maialen Mazonen gorpua Gasteizko apartamentu hotel batean, eta igande arratsaldean atxilotu zuten 34 urteko gizonezkoa, Zaragozan (Espainia), emakumea hiltzea egotzita.
Hain justu, Euskal Herrian aurten izandako bigarren hilketa matxista izan da, gizonezko batek Maria Lourdes del Hoyo hil baitzuen duela bi aste, maiatzaren 16an, Orion (Gipuzkoa).
Hala, mugimendu feministak elkarretaratzeak egingo ditu bailarako herrietan. Atzo egin zuten Aretxabaletan, eta, gaur, beste hiru herritan egingo dira. Arrasateko Herriko Plazan 19:30ean egingo da; Oñatin, berriz, 19:00etan izango da, Herriko Plazan; eta Bergaran ere arratsaldeko zazpietan egingo da, San Martin plazan.