Herritar gehienendako, botoa kartazalean sartu eta norberari egokitutako boto-ontzian sartzeko eguna da hauteskunde eguna. Baina badira hauteskunde-prozesu osoa zuzen garatzeaz arduratzen diren pertsonak, eta haien funtzioak ezkutukoak izaten dira, normalean. Esate baterako, Correoseko langileak, bake epaileak, administrazioak izendatutako pertsonak eta udal idazkariak. "Zerbait gertatzen bada, mahaiko kideek aholkuren bat behar badute, alderdien kexak baldin badaude... aholkulari lanetan ibili gara", azaldu du egunaren koordinazioaren ardura duen Oñatiko udal idazkari Iñigo Roldanek. Idazkariez gain, herri bakoitzak administrazioak izendatutako pertsonak ditu lanean; biztanleriaren arabera dagokion kopurua. Udal langileak dira, eta haiek dira egunaren hasiera eta bukaera zigilatzen dutenak. "Goizean Ministerioan eta Foru Aldundian eman dugu mahaien eraketaren berri, eta kontaketa bukatuta, datuak igorri ditugu bi administrazio horietara. Aurten, gainera, lehen aldiz igorri ditugu eguerdiko eta arratsaldeko parte-hartze datuak; orain arte, Correoseko langileek egiten zuten", azaldu du Josune Mendikutek, Leintz Gatzagan jardun horretan aritu den udal langileak.
Egunaren bukaera
Karmele Urteaga Oñatiko Correoseko langilea da, eta goiz egin zuen hauteslekuetara bisita, lankide Fernando Alvarezekin batera: "Posta bidezko botoak dagozkien mahaietara ekartzera gatoz. Gero, iluntzean, mahai bakoitzeko datu guztiak dituen gutun-azal bat hartuko dugu eta bihar bidaliko dugu Ministeriora". Izan ere, hauteskunde-agiriak hiru gutun-azaletan banatzen dira, behin kontaketa bukatuta. Hirugarrena Correoseko langileek kudeatzen dute, eta 1. eta 2. zenbakietako gutun-azalak bake epaileari eramaten dizkio mahai bakoitzeko presidenteak. "Nire lana 20:00 inguruan hasi da Oñatiko epaitegira etorri naizenean, eta, behin gutun-azalak hartuta,
dagokion tokian entregatuko ditut. Gutun-azal bat epaitegian bertan geldituko da eta bigarrena, Bergarako epaitegira eramango dut, gaur bertan", azaldu du Oñatin bake epaile lanetan urte mordoxka daramatzan Mari Karmen Telleriak.