Egubakoitzean hasiko dute hiru eguneko greba Avanza taldeko langileek

Itziar Larrañaga Sarasola 2023ko mai. 25a, 13:33

ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek deituta, bihar ekingo diote beharginek grebari, bizi duten egoera "jasanezina" dela-eta. Hiru egunetan egingo dute, hilaren 26an, 27an eta 29an. Lanuzteek eragin zuzena izango du Debagoieneko herrien arteko zein hirietarako autobus zerbitzuan.

Avanzako langileen arabera, "autobus-flotaren mantentze lana eskasa" da, eta horrez gain, gogorarazi dute auzitegiek "bidegabetzat" jo dutela lankide bat kaleratu izana. Zenbait hilabetetatik ari dira salatzen "enpresaren utzikeria", eta greba egiteko hautua egin dute azkenean.

Gutxieneko zerbitzuak

Lanuzteak egingo dituzte, beraz, linea guztietan eta hiriburuetarako loturetan. Aldez aurretik, ordea, barkamena eskatu diete erabiltzaileei, gutxieneko zerbitzuak izango diren arren. 

Halaber, Lurraldebusek jakinarazi duenez, autobus linea batzuk ez dute gutxieneko zerbitzurik izango, hala nola, Bergara eta Elgeta batzen dituen DG20E linea edota Elgetatik igarotzen den DO03 linea (Bilbotik abiatzen dena). Eskoriatza eta Leintz Gatzaga arteko DG21E lineak ere ez du gutxieneko zerbitzurik emango greba deialdiko hiru egunetan. Larunbatean beste bi linea egongo dira zerbitzurik gabe: DG56B (Arrasate-Bilboko Aireportua) eta DG02 (Bilbotik Oñatirako noranzkoan).

Zerbitzu minimoak egunez egun:

Egubakoitzean hasiko dira Bergarako Pentekoste jaiak eta ohikoa izaten da autobus zerbitzu berezia ezartzea. Oraindik argitzeko badago ere, Avanzako langileek Goienari azaldu diotenez, litekeena da jaietarako ere gutxieneko zerbitzuak ezartzea.

Bestalde, bihar, egubakoitza, "piketeak" eta Arrasaten manifestazioa egingo dituztela ere aurreratu dute.

Ikuskatzeak egin dituzte 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ikuskapen Zerbitzuko kideek, gainera, ezusteko kontrolak egin dituzte asteon, "iritsi zaizkien kexak direla-eta ", Mugikortasuneko sailak baieztatu duenez. Hain justu, eguazten goizaldean ibili ziren zerbitzuko langileetako batzuk Donostiako autobus geltokian ikuskatzeak egiten; Avanzako autobusak berrikusi zituzten, hala nola pneumatikoak eta balazta-sistemak. Lurraldebusek zerbitzua eskaintzen baitu Donostiako geltokitik Debagoienera, Bilbora eta Gasteizera. 

Salaketa ugari 

Berrehun langile ditu Avanza Movilidad Gipuzkoa enpresak. 139k eman zuten bozka, eta %85,6 agertu zen greba egitearen alde. Hilaren 19an, 21ean eta 24an ziren greba egitekoak, baina atzeratzea erabaki zuten, "forma akats bat" egon zitekeelako eta horrek langileengan eraginik izan ez zezan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak