Debagoienari "merezi eta behar duen bultzada" eman gura diote jeltzaleek: "Debagoiena eta eskualdeko herri guztiak aurrerabidean jartzeko garaia da eta horretarako ezinbestekoa da lidergoa hartzea".
Turismoaren plan estrategikoa martxan jarri
Ongizate arloan egindako proposamenen artean dago 2015-2019 agintaldian zehaztutako Gizarte Zerbitzuen mapa aurrera ateratzea: "EH Bilduren gobernuarentzat ez da lehentasuna izan, eta kaxoi batean geratu da. Gure lehentasuna izango da egindako proiektua Mankomunitatetik eta herri guztiekin elkarlanean martxan jartzea, bailara guztirako zerbitzuak eskainiz".
Turismo alorrean "aurretik egindako plan estrategikoa martxan jartzea eta bailarako turismo jasangarria indartzea" daude hartutako konpromisoen artean: "Bailarak badauzka berezitasunak eta horiek kontuan izanda turismo eskaintza ezberdin bati bide emango diogu: mendietako ibilbide ezberdinak, Ignaziotar Lurraldearen bultzada, herri ezberdinen ezagutza, turismo kooperatiboa, eta bereziki, Vasco-Navarroko bide berdea Arabarekin lotzea". Gaineratu dute, Foru Aldundiarekin batera Gatzaga-Gatzagain zatia egin eta bide berdea Araba eta Nafarroarekin lotzea ere gura dutela, 2015-2019 agintaldian egindako lanarekin jarraituz.
Bidegorri sarea amaitu
Mugikortasuna hobetzeko proposamenen artean dago Debagoieneko bidegorri sare guztia amaitzea eta herri guztiak bidegorri sare duin batekin lotzea Aldundiarekin elkarlanean, baita bidegorrian egon beharko liratekeen zerbitzuak martxan jartzea eta Mankomunitatetik kudeatzea ere.
Ekonomiari dagokionez, enpresa berriak irekitzeko "aholkularitza indartzea" da jeltzaleen helburua: "Plan estrategiko bat egingo dugu beharrak identifikatzeko eta dauden indarguneak mantentzeko".