Azaldu duenez, informazio mahaiak jarriko dituzte osasun zentroetan maiatzaren 25etik 31ra bitartean, eta, Udalen laguntzarekin, informazio guneak ere ezarriko dituzte bailarako herri batzuetan. Erizainak izango dira bertan, goizez, eta esku-orriak banatuko dizkiete bertaratzen direnei, harrera egingo baitiete interesa dutenei.
Badira baliabideak
Alabaina, ohartarazi dute informazio guneez gain beste hainbat baliabide dituztela sentsibilizazioan eragiteko. Esate baterako, erretzeari utzi nahi dioten pertsonei zuzendutako banakako programak dituzte, eta horretarako, osasun etxeetan hitzordua eskatzea aski da. Horrez gain, badira taldekako kontsultak ere, edota online funtzionatzen dutenak. Azkenik, nabarmendu dute badela erretzen uzten lagundu dezaketen botiken gaineko informazioa ere, eta egun osoz martxan dagoen telefono zerbitzua: 944 007 573.