Erietxeetan eta osasun etxeetan protesta ugari egiten dabiltza gaur. Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin dira nagusiak, eta txikiagoak, eskualdeetan. Sindikatuek parte-hartze datuak eman dituzte, eta jakinarazi dute jarraipena "ona" ari dela izaten, langileak "oso nekatuta eta aspertuta" daudelako, "euren eskubideak bermatzen ez dituztelako". Hain justu, euren datuen arabera, lehen lanuzte egunak %50eko jarraipena izan du hiru lurraldetan. Eusko Jaurlaritzak, ordea, esan du goizeko txandan %9,9koa izan dela eragina, eta batik bat Gipuzkoan izan duela jarraipena; %10,6koa, zehazki.
Debagoienean ez da mobilizaziorik egin, Deba bailarakoa Eibarren egin baita, baina Debagoieneko ESIan ere eragina izaten ari da. Alabaina, Jaurlaritzak ez du horren gaineko daturik eman; beraz, ez da jakinekoa zenbatekoa izan den parte hartzea eremu honetan. Sindikatuek ere, oraingoz, ez dute tokian tokiko daturik.
Zabalena, lehen arretan
Sindikatuen hitzetan, grebak batik bat lehen arretan izan du jarraipena, eremu horretako baldintzekin baitaude arduratuta bereziki. "Gero eta eskasagoak" direla uste dute, lan taldeen behin-behinekotasuna "oso handia" dela, eta "lan karga erantsien arazoa sistematikoa" dela. Alabaina, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ukatu egin du zerbitzua "desegiten" ari dela, nahiz eta aitortu duen Osakidetzan badirela "hobetu beharreko" gauzak.
Are gehiago, martitzeneko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian azaldu zuen Osakidetzak 30 milioi euro inbertitu dituela "zenbait azpiegitura eta ekipamendu erreformatzen", eta ez dagoela greba egiteko arrazoirik. "Gobernuak apustu irmoa egina du Osakidetzaren alde: aurrekontua igo egin dugu, eta inbertsioak egiten ditugu". Horrez gain, erantsi du "enplegua egonkortzeko lan eskaintzarik handiena" abiatu dutela, eta gezurtatu egin dute "osasungintza pribatizatzen" ari direla.
Zerbitzu minimoak
Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoak ezarrita ditu. Jaiegunetako martxan jardungo dute ospitaleetan, eta berdin osasun zentroetan ere. Etengabeko arretarako guneetan eta larrialdietan, aldiz, normaltasunez egingo dute.