Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, Ertzaintzak hilketa ikertzen jarraitzen du, baina gizonezko batek bikotekide ohia hil zuen su-arma batekin, eta segidan egin zuen bere buruaz beste.
Euskal Herrian aurten izandako lehen hilketa matxista izan da Maria Lourdes del Hoyorena, eta mugimendu feministak deituta, mobilizazioek egingo dira. Orion (Gipuzkoa) egingo da nagusia gaur, 19:00etan, eta Debagoienean, bihar egingo dira.
Arrasateko mugimendu feministak deituta, 18:30ean egingo da elkarretaratzea herriko plazan. Aretxabaletan ere herriko plazan izango da, 19:00etan, Udalak deituta, Bergaran ere ordu berean izango da, San Martin plazan, Martxanteren eskutik. Oñatin, halaber, Bargastak taldeak, Oñatiko Sare Feministak eta Euska Herriko Mundu Martxak deitu dute elkarretaratzea, 19:00etan plazan egingo dutena.
Instituzioen gaitzespena
Emakundek bere "gaitzespen irmoena" adierazi du, eta "elkartasuna eta laguntza" eskaini die eraildako emakumearen familiari eta gertukoei. "Emakumeen aurkako indarkeria da emakumeen eta gizonen berdintasun ezaren adierazpenik latz eta gogorrena, eta botere harremanetan oinarritzen da". Haren arabera, "hiritar guztien jarrera aktiboa ezinbestekoa" da andrazkoen kontrako bortizkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko, eta herritarrei bide horretan jartzeko dei egin die. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere "gogor" gaitzetsi du hilketa.