Aloña Mendik maila galdu du, gure taldeentzat jardunaldi latza izan denean

Josu Bilbao Atxutegi 2023ko mai. 14a, 09:29

Mondra-Elgoibar

Mondrak eta Bergarak puntu bana lortu dute, eta UDAk eta Aloña Mendik porrot mingarriak jaso dituzte. Oñatiko taldeari mailari eusteko gakoak ziren hiru puntuak ihes egin diote.

Aste bukaera kaskarra izan da Erregional Ohorezko Mailako taldeek izan dutena. Bi berdinketa eta bi porrot erdietsi dituzte, denboraldia bukatzeko beste bi jardunaldi bakarrik falta direlarik.

Añorga-Aloña Mendi (2-1); oñatiarrek maila galdu dute

Oñatiko taldeak, ezin izan du beharrezkoak hiru puntuak eskuratu Añorgaren aurka –3 RFEF mailara igotzea lortu du Donostiako taldeak garaipen honekin–. 2-0 markagailuan goitik jarri dira etxekoak, eta Aloña Mendik eskuratu duen gol bakarrak ez dio ezertarako balio izan Oñatiko taldeari. Emaitza honekin Aloña Mendik maila galdu du, salbazioa markatzen duen taldea, Lagun Onak, zazpi puntura dagoelako oñatiarrengandik -sei falta dira jokatzeko-. Modu honetara, datorren denboraldian, Aloña Mendi eta Mondragon taldeak, Preferente kategorian jokatuko dute.

Mondra-Elgoibar (1-1)

Maila galduta eduki arren, Arrasateko taldeak lan bikaina egin zuen Mojategin, zapatuan, Elgoibarren aurka puntu bat irabazteko. Markagailuan atzetik hasi zuten partida zuri-moreek, baina erantzun ona eman zuten 1-1ekoa lortzeko. Hurrengo jardunaldian Arrasatekoek Mutriku izango dute aurkari etxetik kanpora.

Amaikak Bat- Bergara (2-2)

Mahoneroek puntu polita eskuratu zuten zapatuan Deban jokatu zen norgehiagokan. Amaikak Bat taldeari, bosgarren sailkatuari, bere etxean bi gol egin zizkion Bergarak 2-2koa lortzeko. Bergararrak 11. sailkatuak dira, 43 punturekin, eta hurrengo jardunaldian liderra, Eibar B, hartuko dute Agorrosinen.

UDA-Tolosa (1-2)

Aretxabaletako taldeak porrota erdietsi zuen domekan, Tolosaren aurka Ibarran. Sailkapenean hiru postu gora egiteko abagunea galdu du UDAk, sailkapenean azpitik duen talde baten aurka. Hurrengo norgehiagoka Elgoibarren aurka jokatuko dute aretxabaletarrek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak