Oihana Kortazar eta Ander Uriarte izan dira debagoiendar azkarrenak, Zegama Aizkorri lasterketan

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko mai. 14a, 14:41

Oihana Kortazar lasterketako une batean. Argazkia: Eneko Azurmendi.

Eguraldi txarra medio antolatzaileek ibilbidea aldatzea erabaki dute arriskuak ekidite aldera. Hamalau debagoiendar atera dira irteera puntutik eta azkarrenak Oihana Kortazar elgetarra eta Ander Uriarte bergararra izan dira.

Eguarldi txarra zegoen iragarrita aurtengo Zegama Aizkorri lasterketarako eta aurreikuspenak bete dira. Honek, gainera, antolakuntzak lasterketako ibilbidea aldatzea eragin du arriskuak ekiditeko eta lasterkarien segurtasuna bermatzeko. Golden Trail Serieseko lasterketa entzutetsuenetako da Zegama Aizkorri eta eguraldi txarra egon den arren jendeak ez du hutsik egin Sancti Spiritusen eta Aizkorriko tontorrean; ezta Zegamako plazan ere.

Mendira joan ezin izan duenak, ordea, etxetik jarraitu ahal izan du lasterketa streaming bidez. Argi gelditu dira irudi horietan korrikalariek zituzten zailtasunak, baina inork ez du galdu nahi izaten Zegama Aizkorri. Maila altuko korrikalariak eta ikuskizuna izaten dira nagusi, baita gaur ere. Gizonezkoetan Manuel Merillas izan da azkarrena 3:42:01 denborarekin. Bere atzetik sartu da Elhousine Elazzaoui 27 segundora, 3:42:28 denborarekin; podiuma berriz, Jonathan Albon britainiarrak osatu du 3:45:01 denbora egin ostean.

Emakumezkoetan, aldiz, Daniela Oemus alemaniarrak gurutzatu du lehenengo helmuga 4:32:54 denborarekin. Bigarrena izan da Caitlin Fielder 4:34:04 denborarekin eta brontzea, berriz, Theres Leboeuf suitzarrak lortu du, ibilbidea, 4:37:41 denboran osatu ondoren.

Hamalau debagoiendar Zegama Aizkorrin

Debagoiendarrei dagokionez, hamalau lasterkarik parte hartu dute eta Oihana Kortazar eta Ander Uriarte izan dira helmuga azkarren gurutzatu dutenak. Elgetarrak 4:55:08ko denbora behar izan du ibilbidea osatzeko. Bergararrak, berriz, 4:40:31an gelditu du kronoa helmugan. Ainara Uribarri oñatiarra izan da, debagoiendarren aldetik parte hartu duen beste emakumezkoa. Uribarrik lehen aldia zuen Zegama Aizkorrik eta 5:29:43ko denborarekin helmugaratu da. Bigarren eta hirugarren gizonezkoak, Aritz Kortabarria arrasatearra eta Igor Olalde aretxabaletarra izan dira urrenez urren. Lehenak 4:47:16ko denbora egin du eta bigarrenak 4:54:30.

Unai Biain oñatiarra lasterketan. Argazkia: Eneko Azurmendi.

Emakumezkoen sailkapena:

  1. Oihana Kortazar (4:55:08)
  2. Ainara Uribarri (5:29:43)

Gizonezkoen sailkapena:

  1. Ander Uriarte (4:40:31)
  2. Aritz Kortabarria (4:47:16)
  3. Igor Olalde (4:54:30)
  4. Aitor Otamendi (5:05:43)
  5. Unai Biain (5:05:43)

Sailkapen guztiak hemen ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak