Gurutze Gorriak ate irekiak egingo ditu Elorregin domekan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mai. 16a, 10:00

Debagoieneko Gurutze Gorriak eginiko ate irekiak, iaz.

Instalazioak ez ezik, egiten duten jarduera gertutik ezagutzea izango dute helburu maiatzaren 21eko ate irekietan, domekan.

Javier Igartua Debagoieneko Gurutze Gorriko lehendakariak azaldu duenez, eskualdeko herritarrei egin diete dei parte hartzera. Jai giroan ospatuko dute eguna, hala nola musika ekitaldiak, jolasak eta gazteentzat ekintzak antolatu baitituzte, baina baita beste zenbait jarduera ere. Esaterako, anbulantziak eta erreskatetarako ibilgailuak ezagutzeko aukera izango da, eta salbamenduetan aritzen diren kideak ere bertan izango dira bertaratutakoei azalpenak emateko asmoz.

Horrez gain, Debagoieneko Gurutze Gorriko zerbitzu sozio-sanitarioetako boluntarioek gaur egun garatzen dituzten programak azalduko dituzte; besteak beste, atxikimendu terapeutikoko programa, laguntza-produktuen doako mailegua eta etxez etxeko laguntza. Eta ate irekiak baliatuko dituzte prestakuntzarako ere, desfibriladorearen erabilerari, bihotz-biriketako bizkortzeari eta lehen sorospeni buruzko tailer laburrak emango baitituzte.

Boluntario lanari ekiteko

Igartuak adierazi du jardunaldia "aukera ezin hobea" dela boluntario lanari ekiteko asmoa duten pertsonekin harremanetan jartzeko. "Ez da beharrezkoa Gurutze Gorriko boluntario izateko prestakuntza berezia izatea, hemen pertsona bakoitzak ahal duena ematen duelako eta ekarpen guztiak beharrezkoak direlako".

Emandako datuen arabera, Gurutze Gorriak 99 boluntario ditu gaur egun sorospen eta larrialdi jardueretan Debagoienean; beste 60, berriz, zerbitzu sozio-sanitarioetako jardueretan aritzen dira; eta 54 esku-hartze sozialeko ekintzetan. Are gehiago, beste talde bat administrazio zereginez edo kanpaina puntualez arduratzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak