Oihana Kortazar: "Sancti Spiritusen ez da komeni animo oihuekin berotzea"

Xabier Urtzelai 2023ko mai. 12a, 18:00

Oihana Kortazar, iaz, Sancti Spiritusen gora, zale oñatiarren artean. Eneko Azurmendi.

Domekan jokatuko dute Zegama-Aizkorri lasterketaren 22. aldia. Lasterketa birritan irabazi duen Oihana Kortazar elgetarrarekin eta proba horretan dortsala lehenengoz jantziko duen Ainara Uribarri oñatiarrarekin izan da GOIENA.

Gainean da Euskal Herriko mendi lasterketa ezagunena, Zegama-Aizkorri. Eta, azken urteotan moduan, lasterketak nazioartean duen oihartzunak eragin du Debagoieneko oso lasterkari gutxi batuko direla irteera puntuan: hamasei, guztira. Bada, proba birritan irabazi duen Oihana Kortazarrekin eta Zegamako dortsala lehenengoz jantziko duen Ainara Uribarrirekin izan da GOIENA.

Uribarri korrikalari gaztea da, baina ez hasiberria. Brooks etxeko ordezkariak Golden Trails Seriesetan egindako lanari esker lortu du Zegaman egoteko txartela, eta, distantzia laburragoetara ohituta badago ere, ondo prestatu du domekako mendi maratoia: "42 kilometroko lasterketa bakarra egin dut, iazko Espainiako txapelketa, eta ez du zerikusirik domekan Zegaman aurkituko dudanarekin. Badakit ondo entrenatu naizela eta lasterketa polita egin dezakedala, baina lasai irten nahi dut". Ze denbora egin nahiko lukeen galdetuta, Uribarrik irribarre batekin erantzun du: "Ez dizut esango [Barreak]. Nik buruan badut egin nahiko nukeen denbora, baina ez dut esango zein den, ez dakidalako gero betetzeko kapaz izango naizen, eta ez dut halako presiorik nahi".

Oihana Kortazar dagoeneko korrikalari beteranoa da –38 urte ditu–, eta, hala ere, aitortu du domekarako hasi dela urduritasunak nabaritzen: "Eta hori da kontrolpean mantendu behar dugun gauzetako bat. Izan ere, Zegama-Aizkorri oso lasterketa berezia da euskaldunondako, eta beste proba batzuetan baino gehiago estutzen dugu gure burua. Horrek ez du laguntzen; urduritasunak bidelagun txarra dira".

Iaz, zortzigarren

Iaz, Zegama-Aizkorrin zortzigarrena izan zen Kortazar, eta dio aurten ere konformatuko litzatekeela emaitza horrekin: "Izan ere, iaz, lasterketa irabazi nuenean [2012 eta 2013] baino marka hobea egin nuen [4.41.41] eta horregatik geratu nintzen gustura. Gainera, lehenengo hamarrak igotzen dira podiumera eta Golden Trail Series-etara begira garrantzitsua da aurreko hamar horien artean egotea. Eta, noski, euskal emakumezko azkarrena izatea ere polita litzateke". Domekara begira zelan sentitzen den galdetuta, Elgetakoak dio ondo dagoela, nahiz eta egun batzuetan arduratu samar ere egon den. Izan ere, duela bi aste Camoviko mendi lasterketa irabazi zuen Galizian, eta aitortu du nahi baino gehiago kostatu zaiola errekuperatzea: "Egia da nekatu samar ibili naizela, baina, zorionez, azken entrenamendu saioekin gustura geratu naiz eta esango nuke domekarako ondo nagoela".

OIHANA KORTAZAR: "KOSTA EGIN ZAIT CAMOVITIK ERREKUPERATZEA, BAINA AZKEN ENTRENAMENDU SAIOEKIN POZIK GERATU NAIZ, ONDO NAGO" 

Bada, lehenengoz Zegama-Aizkorri egin behar duen korrikalari bati zer gomendatuko liokeen galdetuta, hauxe dio Salomon etxeko ordezkariak: "Lehenengo gauza esango niokeena da pentsatzeko domekakoa ez dela Zegama-Aizkorri, beste edozein lasterketa dela. Alegia, modu batera edo bestera, baina geure buruari ziria sartu behar diogu, engainatu, ez goazela Zegama-Aizkorrira. Izan ere, lasterketa hori dela-eta geure burua izugarri estutzen dugu. Eta gero, lasterketa lasai hasteko, luzea delako. Eta, bereziki, Sancti Spiritusen eta Aizkorriko tontorrean jasoko dituen animoekin ez berotzeko, burua hotz mantentzeko. Gogoan dut lehenengo Zegama irabazi nuenean lagun batekin nindoala korrika. Eta Sancti Spirituseko jendartera iritsi ginenean lagunak ezer esan gabe aurreratu egin ninduela. Jendez betetako pasillo hartan ezin nuen aurreratu, eta nahita egin zuen, poliki igotzera behartu ninduen. Hau da, animo-mezu horiekin emozionatzea normala da, baina puntu haiek pasa ondoren erabateko isiltasuna etortzen da, eta neurriz kanpo ibili bazara sekulako beherakada izateko arriskua dago".

AINARA URIBARRI: "NAHIAGO DUT EURIA BERO GALANTA BAINO; BAINA, LABANKOR EGONGO DA AIZKORRIKO HARRIA, KONTUZ IBILI BEHARKO DUGU"

Domekan, gainera, eguraldiak ez du batere lagunduko. Kortazarrek nahiago du lasterketa sikuan egin, eta Uribarrik badaki Aizkorriko harria oso labainkor egongo dela: "Baina andaluziarrak baino hobeto joan beharko dugu...".

Lasterketan hamasei debagoiendar izango dira:

Arrasate

  • Isidor Caballero.
  • Aritz Kortabarria.
  • Iker Agirreurreta.
  • Mikel Alkorta.
  • Danel Remirez.

Bergara

  • Eugenio Beldarrain.
  • Ander Uriarte.
  • Enekoitz Gabilondo.

Oñati

  • Aitor Otamendi.
  • Pablo Arejolaleiba.
  • Xabier Lete.
  • Ainara Uribarri.
  • Unai Biain.
  • Jose A. Fernandez.

Aretxabaleta

  • Igor Olalde.

Elgeta

  • Oihana Kortazar.

Autobusak jarriko dituzte Oñatitik Arantzazura

Domekako Zegama-Aizkorri lasterketa egunean auto pilaketarik eta aurreko urteetako arazorik ez sortzeko, baliabide gehiago jarriko ditu aurten Oñatiko Udalak. Batetik, domekan bertan, 07:00etatik 11:00etara, sei autobus handi ibiliko dira 10-15 minuturo zerbitzua ematen. Arantzazu Ama kaletik, Elkar  Hezi ikastetxeko autobus geltokitik abiatuko dira; hori izango da geltoki bakarra. Zapatuan, berriz, egun osoan, autobus bat ibiliko da orduro. Egun bietako autobus zerbitzuak doan izango dira. Bestetik, hilerri azpian eta Autlan enpresa aurrealdean autokarabana guneak egokituko dituzte astebururako. Oñatitik Arantzazurako errepidea zapatu gauean itxiko du Ertzaintzak ibilgailu guztiendako. Ibilgailuendako gertatuta dauden goiko aparkalekuak betetzen direnean, ez dituzte gehiago onartuko Arantzazun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak