'Jira bueltan' jolas tradizionalak berreskuratzeko ekimena abian

Imanol Beloki Unamuno 2023ko mai. 9a, 13:14

2017an, Aretxabaletako eta Eskoriatzako ikasleek 'Jira bueltan liburuxka-DVD' bilduma jaso zutenekoa.

Aretxabaleta eta Eskoriatzako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako lehenengo kurtsoko umeekin bederatzi joko landuko dira maiatzean zehar eskoletan. Ekimena Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas liburuxkan oinarrituta dago, eta jolas tradizionalak bizirik mantentzeko helburua du egitasmoak.

Jolas tradizionalak bizirik mantentzeko helburuarekin Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalek sei urteko haurren artean hainbat material banatuko dute. Badihardugu Euskara Elkarteak 2017an kaleratu zuen Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas liburuxkan jasotako edukiaren aukeraketa egin eta gero, bederatzi fitxa prestatu dituzte Arizmendi ikastolako, Kurtzebarri Eskolako eta Luis Ezeiza Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako lehenengo mailako ikasleekin lantzeko. Arrasateko Txatxilipurdi Elkartea arduratuko da ikasleekin bederatzi fitxa horietako jokoak lantzeaz, maiatzean zehar ikastetxeetan burutuko diren saioetan.

Liburuak eskuragarri

Nahi izanez gero, LH1eko haurren familiek Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas liburuxka bi herrietako udal liburutegietan izango dute eskura. Gainerako interesatuentzat pdf formatuan deskargatzeko aukera dago helbide hauetan: Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas (2017). Badihardugu Euskara Elkartea, edo jira bueltan liburua 2 (badihardugu.eus).

Ahozko ondarearen transmisioa

Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzetan oinarritutako bilduma da Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas liburua. Adinekoek kantatutako abestiak eta azaldutako jolasak gaur egungo belaunaldien esku jarri dira egitasmo honi esker. Izan ere, ahozko ondarearen transmisioa egitea da lan honen helburua. Guztira, hamar urte bitarteko umeei zuzendutako 50 jolas eta kanta biltzen ditu liburuxkak. Proiektuan Aretxabaletako, Eskoriatzako, Eibarko eta Elgoibarko udalek parte hartu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak