Klubek dei egin diete zaleei, arratsaldeko zenbait partidu erabakigarrietarako

Xabier Urtzelai 2023ko mai. 7a, 12:18

Gaur, domeka, arratsaldean partidu erabakigarriak jokatuko dituzte Azkoagainen eta Labegaraietan. Bergarako kantxan, gainera, hitzordu bikoitza dago, emakumezko eta gizonezko seniorrek dute-eta partidu garrantzitsua.

Aloña Mendiko futbol sailak euren zaleei dei egin die gaur arratsaldean (16:30) Azkoagainen jokatuko duten partidurako. Oñatiarrek liderra hartuko dute, Eibar, eta txantxikuek irabazi egin behar dute mailari eusteko aukerekin jarraitzeko. Gainera, kategoriari eusteko kontrario zuzen Vasconiak eta Lagun Onakek atzo ez zituzten hiru puntu batu. Lagun Onakek 0-1 galdu zuen Amaikak Baten kontra, eta Vasconiak 3-3 egin zuen Aretxabaletaren kontra. Ikusteko dago bi edo hiru taldek galduko duten aurten maila, goiko kategoriatan gertatzen direnak ere erabakigarriak izango direlako, baina sikiera Vasconiari (33) aurrea hartu behar diote txantxikuek (29), eta orain momentuak lau puntura daude. 

Bergaran, saskibaloiz betetako arratsaldea

Bergarako saskibaloi sailak ere dei egin diete zaleei gaur arratsaldeko hitzordu bikoitzerako, Labegaraietan senior mailako gizonezko eta emakumezkoek partidu garrantzitsuak dituzte eta. Nesken kasuan, Goizper Group BKE taldeak errioxarrak izango dituzte aurrean, AZ Casa de la Riojaren kontra jokatuko dute 16:00etan. Bergararrek ligako azken jardunaldia jokatuko dute, orain momentuan bigarren daude sailkapenean, baina partidua irabazten badute mailaz igotzeko finalera sailkatuko lirateke.

Eta atsedenik hartu barik, gizonezkoen taldeak Donosti Dolphins taldea izango du aurrean, 18:00etan hasita. Mailaz igotzeko lauko finaleko final-erdietako partidua izango da, eta donostiarrak mendean hartzen badituzte datorren asteburuko finalera sailkatuko lirateke. Hor Inter de Mitente taldea izango lukete zain, asteburuan 75-62 irabazi diete-eta Take Orbelakoei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak