Iskanbila zaleen neuronak, ostera ere, izarretan daude

Xabier Urtzelai 2023ko mai. 7a, 11:32

Atzo iluntzean Eskoriatzako Inkernun batu zirenek 90eko hamarkadako Punk Oi! doinuetara egin zuten atzera, Iskanbila talde arrasatearraren itzulera kontzertuaren testigu izan ziren-eta. Sorpresazko emanaldia izan zen, gertukoekin eta azken orduan emanaldiaren berri izan zuten lagunekin egindakoa. Eta noski, Inkernu txiki geratu zen. 

Bueltan da 90eko hamarkada hasieran Arrasaten sortu zuten Iskanbila taldea. Eta, jatorrizko formakuntzarekin bueltatu dira: Gotzon, Lapo eta Iban partaideez gain, Jabo (baxua) eta Jonny (kitarra) musikariekin. Atzo Inkernu erabili zuten hainbat urtez elkarrekin jo barik egon eta gero eskenatokietara itzulera prestatzeko. Izan ere, urte hauetan guztietan taldetik kide asko pasa dira, eta hainbat joan-etorri izan dituzte, baita momentu puntualetan kontzertuak eman ere. 

Esandako moduan, baina, bueltan dira duela 30 urte batu ziren lagunak. Emanaldia modu berezian hasi zuten, 1997an Jaio... ta hil diskoa argitaratzeko unean zirenean auto istripuz hil zen Txiri laguna gogoan izanda, eta bertaratutakoek oraindik ere ondo gogoan dituzten Ametsetan, Lehendakari, Skinhead, Bete ezineko hutsunea, Gaur ere, Non zaude edota Mondra! bezalako abestiekin gozatu ahal izan zuten.

Bada, itzulera hau entsegu lokalean prestatzen ibili badira ere, adi, Musakolako jaietarako herdoila kendu eta motorrak berotu dituztelako. Maiatzaren 13an joko dute, herrikideen aurrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak