Elkarlanerako hitzarmena sinatu dute Puntueus fundazioak eta Dendartean elkarteak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko maiatzaren 3a

Xabier Aldalur Dendartean-eko teknikaria, Josu Waliño Puntueus-eko zuzendaria eta Javier Inda Ibai-Arte elkarteko lehendakaria.

Euskal gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragin nahi dute, ingurune digitalean duen presentzia areagotzea. Horretarako, fundazioak .eus domeinua erregistratzeko laguntza emango die Gipuzkoako merkatarien elkarteko kideei.

Hain justu, Arrasaten sinatu dute hitzarmena, eta Josu Waliño fundazioko zuzendariaren arabera, hitzarmen honek saltokien digitalizazioan laguntzea du helburu, euskara erdigunean kokatuta. "Horretarako, gure hornitzaileen bidez, hosting zerbitzuak prezio berezian eskuratzen ahaleginduko gara, Dendartean elkarteko kideei laguntzeko asmotan".

Xabier Aldalur Dendartean-eko teknikariak ere nabarmendu du domeinuaren erabilera sustatuko dutela bazkideen eta saltokien artean, baina "arreta berezia" jarriko dutela webgunean duten edo izan nahiko luketen horiengan. "Dendartean aspalditik ari da merkatari txikien digitalizazioa bultzatzen, saltokien lehiakortasuna hobetzeko teknologia berriak erabiltzen. Alabaina, arlo digitalean ere betiko saltokien esentzia eta baloreak mantentzea garrantzitsua da, eta, nola ez, euskararen erabilera".

Jarraipen batzordea abiatuko dute

Hitzarmenean zehaztutakoa betetzen dela bermatzeko jarraipen batzorde bat abiatuko dute, eta, gutxienez, erakunde bakoitzeko kide bana izango da parte. Lau hilean behin elkartuko dira, eta akordioaren inguruan sor daitezkeen zalantzak eta arazoak konpartituko dituzte, hobekuntzak aurreikustearekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak